Gaia

Gaia izaten da idazlana egiteko orduan izaten dugun lehenengo arazoa. Gaia bera baino gehiago, agian, gai horri buruzko informazioa. Informazio hori berreskuratzetik hasi beharko dugu: zer dakigu gai horren inguruan?

Kontuan izan behar dugu EGAn eskatzen zaiguna ez dela inola ere gauza berriak, inork inoiz esan ez dituenak esatea. Guk esango duguna ezaguna da baina nola esaten dugun neurtuko dute. Beraz, ez ibili ideia liluragarri bila. Normalean ez dugu aurkituko eta denbora galduko dugu.

Pentsatu, bai, gai horrek denboran zehar izan duen garapenean, non kokatzen den (denboran, espazioan), azaltzeko moduko adibide argi/berri/ezberdinik ba ote den, eztabaidarako zein aukera duen, e.a.

Ideia horiek guztiak idazteak zehazten eta gerora baten bat ez ahazten lagunduko digu. Ideia bakoitza idazteak ez luke suposatu behar 3 hitz baino gehiago idaztea. Ezin dugu dagoeneko idazlana idazten hasi, aurreko aldi batean baikaude.