Arazoei aurre egiteko baliabideak

Aipatutako guztiak kontuan hartuta ere, idazteko momentuan izaten ditugu hainbat eta hainbat arazo eta horiek ere azken emaitza baldintzatzen dute. Orokorrean, bi aukera ditugu idaztean sortzen zaizkigun arazoei aurre egiteko:

konpontzen saiatu
saihestu

Gertatu ohi diren arazorik normalenak, berriz, hauexek dira:

Ideia falta: ez zaigu bururatzen ezer berezirik esateko. Gaia arruntegia edota bereziegia delako gertatzen da, normalean. Konpontzeko, tituluan dauden hitzekin lotzen ditugun hitzen zerrenda egin dezakegu burura etortzen zaizkigun eran eta inongo filtrorik gabe. Ondoren hitz horietatik zeintzuk diren baliogarriak eta zein ideia trasmiti dezaketen erabaki beharko dugu. Saihesteko, berriz, gaiarekin lotura minimoa duen eta zeresan handiagoa ematen digun beste gai batera eraman dezakegu idazlana. Honek badu arrisku bat: ez badugu emandako eta benetan guk garatu nahi dugun gaien arteko lotura ondo ezartzen, beste gai bati buruzko idazlana aterako zaigu. Beraz lotura hori agerian utzi behar da.

 

Zerbait adierazteko baliabide falta: badakigu zein ideia trasmititu nahi dugun baina ez dakigu nola adierazi. Bi aukera ditugu horrelakoetan: batetik, ideia bera beste modu batera formula dezakegu ditugun baliabideekin eta, bestetik, ideia bera alda dezakegu. Biek arrisku bera dute: idazlana pobretzea; lehenengoak eduki linguistikoen aldetikoa eta bigarrenak ideien aldetikoa. Aukeran, bigarrena izan daiteke egokiagoa beti ere ideia bera esaldi gehiagorekin formula dezakegulako, hau da, azalpen gehiago eman adierazi nahi duguna ondo zehaztu arte.

 

Nola jarraitu ez jakitea: askotan gertatzen da puntu batera iritsi eta nola segi ez jakitea. Aurretik egindako lanak konpon dezake arazo hau. Hau da, aurretik guk egindako eskema eta ideien arteko loturak ondo planteatuta baldin badaude ez dugu inolako arazorik izango; baina, hala ere, arazo hau agertuko balitz, gelditu eta nondik bidera dezakegun aztertzeko unea izango litzateke. Berriz ere, idatzitakoa aztertu eta zein ideia geratzen zaizkigun ikusita, hurrengo zein litekeen hartu behar genuke kontuan.

 

Egindakoa laburregi izatea: prestatu duguna laburregi geratu bazaigu bi aukera nagusi ditugu. Batetik, gauza gehiago gehitzea eta bestetik egindakoa zabaltzea. Lehenengoak ideia berriak gehitzea suposatzen du aurreko puntuetan esandakoaren arabera eta bigarrena, berriz, azalpenak eta zehaztasunak tartekatzea. Esaldiak luzetu egin daitezke, birformulatu, baita azalpenak eman ere. Horrela ideiak gehitzen ez baditugu ere, idazlana osatu egingo dugu eta gorpuzkera handiago eman.