Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

22. alea, 2004ko martxoa

246 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak

2. Hausnarrean: Prezio publikoak. Pedro Lonbide

3. Hizketan...: Pilar Sagastarekin
4. Zera jakin dugu

5. Zenbat buru...: Ezagutza-mailak egiaztatzeko sistemaz. Aitziber San Roman

6. Lotura interesgarriak

7. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

 

Ekitaldiak

Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu

 
X Trobada de Centres d´Autoaprenentatge
 
2004ko martxoaren 26an
Kataluniako Generalitat-eko Departament de Culturak antolatua.
AESLA: XXII. Kongresua
 
2004ko apirilaren 22tik 24ra bitartean, Valencian
Universidad Politécnica de Valenciak antolatua
 
 
2004ko apirilaren 2tik maiatzaren 29ra bitartean, Bilbon
 
gora

 

Hausnarrean

Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!

PREZIO PUBLIKOAK

Ari gara, gaur batzuk bihar beste batzuk, erabiliko ditugun prezio publikoak onartzen. Ez da oso ohikoa besterenei begira aritzea baina han-hemenka informazio bila aritzeko ohitura dugunok zenbaitetan bitxikeriak aurkitzen ditugu eta, konpartitzeko joera dugunez, oraingo honetan aurkitu dugun azkenaz esango ditugu bi hitz.
 
Izan ere, 2004ko martxoaren 29ko EHAAk dakar HABEk eskaintzen dituen zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Agindua, Kultura Sailburuarena. Aldizkari eta materialengatik kobratuko duenaz gain, euskara irakasteko zerbitzuengatik zenbat kobratuko duen zehazten da 5. artikuluan. Gure ezjakintasuna onartu ondoren, inork ez dit ukatuko edozein Udal Euskaltegitako arduradun batentzat harrigarria dela HABE euskara irakasten hasi dela jakitea. Galderak barra-barra datozkigu gogora: nork ematen ote ditu ikastaro horiek? Irakasleak hartu al ditu berriz ere HABEk? Etorkizunerako oinarriak txostenaren ondorio al dira ikastarook? Bideragarritasun planarenak agian?...
 
Pozteko batetik, euskalduntzearen aurrerakada islatzen baitu lan-ildo berri honek. Bestetik, berriz, kezkatzekoa, berez txikia zen merkatuan beste lehiakide bat sortu zaigulako eta ez nolanahikoa, gainera.
 
Baina, berehala jarri ditugu berriz ere oinak lurrean eta aurkitu dugu azalpen errazagoa. Nori kobratuko dio HABEk zerbitzu hauengatik? Bada, administrazioko beste sail eta atal batzuei, antza. Eta orduan hasten dira puzzleko piezak bere lekuan kokatu eta irudi garbia erakusten.
 
HABE da euskara irakasteko zerbitzuen koordinatzaile eta gidari eta lan horregatik, jakina, kobratu egiten die gainontzeko administrazio-atalei. Ondo dago, egindako lana kobratu egin behar da. Baina begiradak zenbakietara joateko joerari ezin eutsita, hara hor non aurkitzen dugun dena delako administrazio-atali HABEk kobratuko diona eta ikastaroa emango duen euskaltegiari lan hori burutzeagatik emango dionaren artean aldetxo bat badela. Ez dugu adibiderik jarriko baina nahi duenak hemen du aipatu agindua eta oso erraza da kalkuluak egitea.

Bestalde, beste erakundeei kobratze horrek agerian uzten du euskararen inguruko politikaren nondik norakoa. Ez al da askoz errazagoa gauzak zuzen egitea eta, bitartekariak alde batera utzita, ditugun sosak modu eraginkorrago batean gastatzea?

Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
gora
 
 
Hizketan... Pilar Sagastarekin
 

Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan

Pilar Sagasta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da. Eleaniztasuna gaiaren inguruan hainbat lan eta ikerketa egin ditu.
XXI mendean badirudi globalizazioak, migrazioek eta teknologiaren zabalkundeak zeharo aldatuko dutela hizkuntzen panorama herrialde askotan. Agortua al dago herri bat hizkuntza bat eredua? Inoiz halakorik izan bada, jakina.

Nire ustez eredu hori nahiko irreala da, muga politikoak eta linguistikoak bat ez datozelako. Lehendabizikoei erreparatuz gero, 200 bat nazio daude baina herri askoz ere gehiago, 6.000 bat hizkuntza daude. Beraz, atera kontua. Horietako hizkuntza bakoitzak bere "herria" dauka, baina, askotan, ez dauka ahalmen politikorik bere hizkuntza plangintza ezartzeko nazio politiko horien menpe dagoelako. Hori dela-eta hainbat hizkuntza desagertuz doaz. Gainera, globalizazioak, migrazioek eta teknologiaren zabalkundeak eraginda, egoera kaxkar hori areagotu daiteke. Hiru elementu horiek hizkuntza maioritarioen alde egiten dute, homogeneizazioaren alde. Pixkanaka-pixkanaka hedatuz doa ideia hau, alegia, askoz errentagarriagoa dela hizkuntza maioritarioak jakitea eta horien ikaskuntzan inbertitzea, hizkuntza minorizatuak baino. Gainera, hizkuntza maioritarioak dira "batzen" gaituztenak eta hizkuntza minorizatuak "zatikatzen" gaituztenak. Gauzak horrela, hizkuntza minorizatuen hiztunok ahalegin bereziak egin behar ditugu hizkuntza erabiltzeko eta bere presentzia ahalik eta eremu gehienetan ziurtatzeko. Baita ere aniztasuna aldarrikatzeko. Egun, aniztasuna arazo moduan ikusten da eta ezberdina dena gaizki ikusita dago. Honenbestez, lan handia daukagu kontzientzia mailan eragiteko eta tendentzia homogeneizatzaile horri buelta emateko.

Europako Kontseiluak Erreferentzi Marko Europar Bateratua argitaratu zuen Europako Batasunean hizkuntzen trataera bateratzeko irizpideak eskaini asmoz. Dokumentu horretan zera irakur dezakegu:

Hizkuntza baten edozein ezagutza beti da partziala, "ama hizkuntzarena" edo "jatorrizko hizkuntzarena" ere bai. Beti osatzeke dago, ez da "bertako hiztun ideal" batek izango lukeen bezain garatua eta perfektua. Gainera, pertsona ez da inoiz ere hizkuntza osatzen duten alderdi desberdin guztiak erabat menderatzera heltzen (adibidez, gaitasun bera izatera ahozkoan eta idatzizkoan, ulermenaren edo mintzamenaren arloan).

Ados al zaude egoeraren diagnostiko horrekin? Eta hala bada, zein ondorio izan beharko luke horrek hizkuntzen irakaskuntzan?

Ados nago baieztapen horiekin. Hizkuntza gaitasuna erabat lotuta dago erabilerarekin. Orokorrean, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto moldatzen gara. Baina, hizkuntza jarduera ezberdinak betetzeko erabiltzen dugu eta, jarduera horien arabera, gizakiok hitz egiteko edo idazteko era egokitzen dugu. Hau da, nork, norekin, non eta zer esatekoaren arabera, ideiak eta pentsamendua modu batean edo bestean adierazten ditugu. Beraz, zenbat eta jarduera anitzagoa bete, orduan eta hizkuntza aberatsagoa garatuko dugu. Pertsona batzuek egoera komunikatibo anitzetan parte hartzen dute eta, horregatik, aukera gehiago daukate "testu" anitzagoak jasotzeko eta ekoizteko. Aldiz, beste batzuen hizkuntzaren erabilera soziala mugatuagoa da. Ondorioz, beren hizkuntza gaitasuna ez da besteenaren pare garatzen. Laburbilduz, esan dezakegu ama hizkuntzaren ezagutza partziala dela, baina, jardueraren arabera, batzuena beste batzuena baina partzialagoa.

Gainera, herrialde batean bi hizkuntza ukipen egoeran daudenean, egoera hori areagotu egiten da. Egoera soziolinguistikoaren arabera, hizkuntza bat hainbat eremutan bestea baino gehiago erabiltzen da. Hori dela-eta, hizkuntzen ezagutzaren arteko desorekak areagotu egiten dira. Beraz, ezagutzaren mugaketa hori nabarmenagoa da.

Hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, jardueraren planifikazioak berebiziko garrantzia dauka. Alde batetik, planifikazio hori zenbat eta errealago izan, ikaslea motibatuagoa egongo da. Gela barruan askotan sortzen diren egoerak oso artifizialak dira, ez dute suspertzen hizkuntzaren erabilera sozialik. Adibidez, hitz egiten da hitz egiteagatik, inongo helbururik gabe, eta horri deitzen diogu "mintza praktika egitea". Horrelako egoera batek ez du suspertzen testu erreal bat, bizitza arruntean gizakiok ez dugulako hizkuntza modu horretan erabiltzen. Beste aldetik, jarduerak anitzak izan behar dira. Lehen esan dugun moduan, hizkuntza erabiliz betetzen ditugun jarduerak zenbat eta aberatsagoak izan, orduan eta aukera gehiago hizkuntza hobeto ezagutzeko.

Etxera etorrita, eleaniztasuna kontzeptuaren inguruan gertatzen ari diren aldaketa hauek guztiek nola eragin behar diote helduen euskalduntzeari? Norantza abiatu beharko genuke gaur egungo ikasleen beharrak egoki asebetetzeko?

Jakin badakigu gizakiok dakizkigun hizkuntzak erabiltzen ditugula hizkuntza berri bat eraikitzeko. Beste modu batera esanda, ezagutza berriak eraikitzeko dakigunetik abiatzen gara. Erabilera estrategiko hori funtsezkoa da ezagutza berriak ondo barneratzeko. Zenbat eta helduagoa izan, orduan eta nabarmenagoa da erabilera hori. Adibidez, hizkuntzen arteko konparaketak berbalizatzen ditugu: "Ba, gaztelaniaz ez da horrela esaten". Hizkuntzaren formari gehiago erreparatzen diogu konparaketa gehiago egiten dugulako. Hau guztia oso garrantzitsua da hizkuntzen arteko transferentziak eman daitezen. Hizkuntzen artean, alegia, hainbat alderdi komunak dira. Adibidez, zure ama hizkuntzan argudiozko testu bat ondo egitaratzen baduzu, hizkuntza berri horretan ondo moldatuko zara testu mota hori antolatzeko. Eskutitz ez formala ondo idazten baduzu, hizkuntza berrian ere ondo idatziko duzu. Irakasleak ezagutza hori guztia aprobetxatu behar du hizkuntza berriaren ikaskuntza azkartzeko eta eraginkorra bihurtzeko. Irakaslearen papera garrantzitsua da hizkuntzen arteko transferentziak automatikoki ematen ez direlako. Aktibatu egin behar dira. Horregatik guztiagatik heldu baten irakasleak ondo ezagutu beharko du pertsona horren biografia linguistikoa: ezagutzen dituen hizkuntzak eta alfabetizazio mailari buruzko informazioa, esate baterako. Irakasleak zenbat eta gehiago jakin, orduan eta aukera gehiago izango du ikasleari laguntzeko.

Beste aldetik, ikasten duguna, esanguratsua izateko, funtzionala izan behar da. Heldu bakoitzak bere helburuak izango ditu, euskara ikasteko bere arrazoiak, eta premi horiek betetzea oso garrantzitsua izango da ikaslearen motibaziorako. Beraz, helduen taldeak osatzerakoan, helburuak kontuan izatea oso komenigarria izango litzateke.

gora
 
 
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
HELDUEN EUSKALDUNTZE-ALFABETATZEAREN ETORKIZUNERAKO OINARRIAK
 
Euskararen Aholku Batzordearen Euskararen Geroratzearen Jarraipenerako Batzordeak helduen euskalduntze-alfabetatzeari buruz 2003an egindako azterketa ezagutarazi du. Analisi horren laburpena jarri dugu sarean.
 

ARGITARATU BERRI DA EUSKARA-MAILAK EGIAZTATZEKO PROBETARAKO DEIALDIA

 

HABEren Zuzendari Nagusiak dagoeneko argitaratu du helduen euskalduntzearen 1. eta 2. mailak egiaztatzeko azterketen deialdia. Probak 2004ko ekainean izango dira eta matrikulatzeko epea apirilaren 26tik maiatzaren 5era bitartean.
gora

 

 

 
Gai korapilatsuak asko dira. Atal honetan iritzi-miritzi jardungo dugu
 
 
EZAGUTZA-MAILAK EGIAZTATZEKO SISTEMAZ
 
Itxaropena. Itxaropena sentitu nuen HABEk lehenengo maila, bigarrena (eta egunen batean laugarrena) egiaztatzeko aukera emango zuela jakitean.
 
Harridura. Harridura sortu zidan ikas-prozesuari eta erabilerari hainbeste lagunduko liekeen egiaztatze-sistema urte erdi eskasean abian jarriko zela jakiteak.
 
Kezka. Mailak egiaztatzeko aztertzaileek irizpideak bateratzeko egiten ari garen saioen ondorioek kezkatzen naute.
 
Zazpi hilabete itxaropenetik kezkara pasatzeko. Une honetan, gainera, arrangura besterik ez dut sentitzen.
 
Nire kezkak aurpegi asko ditu. Horietako batek, ordea, egonezina sortzen dit.
 
Lehen maila gainditzeko zuzentasun gramatikalak aparteko garrantzia omen du eta, hartara, zorrotz jokatu behar omen dugu. HEOK-en, idazmenaren gutxieneko gaitasun linguistikoa zehaztean erabili zuten zenbaitetan horrek behin edo bitan adierazi nahi omen zuen. Tira! Ez dit aparteko ardurarik sortzen. Garai batean, ikasleen ekoizpenak ebaluatzean, soilik zuzentasun gramatikalari erreparatzen nion, beraz, nire ustez, horretan jartzeko gai izango naiz orain ere.
 
Gehixeago larritzen nau garai horretako ikuspegi gramatikal zurruna eginkizun komunikatiboetan oinarritu nahi ditudan eskoletan txertatu behar izateak. Hala ere, bigarren kezka horrek ere ez dit loak hartzea galarazten, ahaleginak ikasbiderik utziko baitit, seguraski.
 
Arrangura handia sortzen didate, baina, une honetan geure egin ditugun irizpideek hemendik urte batzuetara euskararen normalizazioan izan ditzaketen ondorioek. HEOKen bertan zehazten den bezala, lehenengo maila gainditu berritan, euskaldungaiak ez ditu eskuratutako formak erabat bereganaturik zertan izanik: akats batzuk egingo ditu, beraz. Aztertzaileek zorrotz detektatuko eta barkatuko ez dizkiogun akatsak. Ez al du horrek ekarriko lehen mailara egun EGAn gertatzen dena?
 
Jendeak duen usteetako bat: EGA gainditzea garai batean baino zailagoa da (batzuen ustez, gaindiezina); azken batean euskaltegiek zerbait asmatu behar omen genuen ikasleak ez galtzeko. Jendeak duen beste usteetako bat: euskara ikastea ezinezkoa da. Litekeena da esku artean izatea uste hori egia absolutu bihurtuko duen sistema: lehen maila egiaztatzeko adostutako irizpideak geure egitea, alegia.
 
Aitziber San Roman
Pasaiako Udal Euskaltegia
gora

 

 

Lotura interesgarriak

Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 

Carles Monereoren web gunea: http://seneca.uab.es/monereo/menu.htm

 
Liburutegi digitala: http://www.campus-oei.org/oeivirt/
Organización de Estados Iberoamericanos delakoaren libutegi digitala duzue hau.
Euskarazko Albistegiak: http://www.bloglines.com/public/euskaraz
Euskarazko 67 albistegi begiratu batean kontsultatzeko modua jarri dute helbide honetan.
Telebista online: http://www.euskaraz.tv/
Proyeccion taldeak bideoz osatutako webgunea jarri du martxan, euskaraz.
gora
 

Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak

 
Irakasleon Aldizkaria21. alea 

Apirileko zozketa: Ezetz asmatu!

 
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
 
 
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia