Irakasleon Aldizkaria
 
Santurtziko Udal Euskaltegia 
 
 

14. alea, 2003ko apirila

223 harpidedun

Irakasleon Aldizkaria Santurtziko Udal Euskaltegiak aldian-aldian posta elektronikoz igortzen duen albistegia duzue. Albistegi irekia eta hausnarketarako bide eman nahi duena. 
 

Horregatik, inork aldizkariaren artikuluei buruzko komentariorik edo iritzirik adierazi egin nahi balu, beheko formularioa erabil dezake edo mezua idatzi ondorengo helbidera: aldizkaria@santurtzieus.com

Nor zara?

Zurekin harremanetan jartzeko e-posta?

Mezua behean idatzi

 

 
Aurkibidea
 
1. Ekitaldiak
2. Lanak eta esperientziak: Ikas-estiloak eta ikas-estrategiak. Iņaki Pikabea
3. Hausnarrean: Gure etorkizunerako oinarriak. Pedro Lonbide
4. Hizketan... Antton Iņurritegirekin

5. Zera jakin dugu

6. Lotura interesgarriak

7. Zer berri santurtzieus.com-en?

 

 

Ekitaldiak

Atal honetan euskara-irakasleon formazioarekin zerikusia izan dezaketen ekitaldien berri eman nahi dizuegu

X. Jardunaldi Pedagogikoak. Europa Jauregia (Gasteiz)

Ikastolen Elkartea-k 2003ko maiatzaren 14tik 16ra antolatu ditu aurtengo jardunaldi pedagogikoak gai benetan interesgarriaren inguruan: Ahozkotasuna ikasgelan (Ahozkotasunaren garrantzia eta lanketa curriculum integratuan).

Uda Ikastaroak. Miramar Jauregia. Donostia

EHU-UPVk Miramar Jauregian (Donostia) antolatutako Uda Ikastaro hauetatik hainbat azpimarratu nahi ditugu:
 
D.1. Teknologia berriak eta euskararen erronka: hizkuntza gutxituen hedapena teknologia berrien bitartez. 2003ko ekainaren 23tik 25era
B.1. E-learning: presente y futuro. 2003ko ekainaren 23an eta 24an
B.2. Enfoque discursivo y aprendizaje de segundas lenguas: nuevas perspectivas. 2003ko ekainaren 25etik 27ra
B.5. Factores de mejora en los sistemas educativos según los estudios internacionales. 2003ko uztailaren 7tik 9ra
 
Informazio gehiago: http://www.sc.ehu.es/scrwwwsu/cv.htm
 
 
gora
 
Lanak eta esperientziak
 
Asko dira Helduen Euskalduntzea burutzen diren lanak eta esperientziak. Atal honetan han eta hemen egindakoen berri eman nahi dizuegu
 

IKAS-ESTILOEN ETA IKAS-ESTRATEGIEN GARRANTZIA EUSKARA-IKASLE HELDUENGAN

1. Sarrera
 
Zein da metodorik onena hizkuntza bat ikasteko? Ala irakasteko? Metodoaren kontzeptua izan da nagusi hizkuntzen didaktikaren historian. Hizkuntza-irakasleok, gaur egun, jakin badakigu arrakasta edo porrota ez dela bereziki metodo-arazoa, pertsona-arazoa baizik. Eta pertsona esaten dugunean, bere osotasunean ari gara: gaitasun, motibazio, nortasun, jarrera, ezaugarri kognitibo, estrategia... Azken batean, metodoa urrutiko lagungarri bat besterik ez da-eta. Hortik sortu dira ikerketa-bide berri batzuk, besteak beste, ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza (Rubin eta Thompson, 1988; Oller eta Richards, 1973). Horrelako planteamenduek hainbat fenomeno hartu dituzte kontuan: adina, jarrerak, motibazioa, nortasuna, ikas-estiloa, ikas-estrategiak, e.a.
 
Misterio sakon eta, aldi berean, erakargarri honek bultzatu ninduen galdera hau egitera: ikasle helduen ikas-estiloek eta ikas-estrategiek ba al dute zeresanik, euskara-ikaslearen aldetiko ikaskuntzan baita euskararen erabileran ere?
 
Gure kasuan, ikuspegi orokor honetan bereziki arreta ipini diogu ondoko kontzeptuei: ikasle onaren alderdi psikologikoei, ikas-estiloei, ikas-estrategiei eta bigarren hizkuntzaren erabilerari. Ikuspegi integralean kokaturik, ikerketa honek bereziki bi erronka izan ditu: ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza abiapuntutzat harturik, euskara-ikasle helduen artean bigarren hizkuntza ikastean, ikas-estiloak eta ikas-estrategiak biltzen esplizituki aintzat hartzen dituen metodologiak zer-nolako eragina izan dezakeen ikaslearen motibazioa, autoestiman eta euskararen erabileran aztertzea eta, bide batez, esku-hartze programa pedagogiko bat eraikitzea ikerketa honetako emaitzak kontuan harturik.

2. Ikerketaren hipotesiak

Hiru izan dira planteatu diren hipotesiak

1. Hipotesia

    Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleria, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2 ikasteko prozesuan motibatuago sentitzen da.

2. Hipotesia

    Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleriari, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2-ko ikasle gisako autoestima igo egiten zaio.

3. Hipotesia

Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleriak, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2 gehiago erabiltzen du gelaz kanpo.

3. Metodologia eta diseinua

Ikerketa honen diseinua, diseinu kuasiesperimentala izan da. Ikerketa honetan erabilitako lagina Helduen Euskalduntzean diharduten 162 ikaslez osaturik zegoen. Ikasle heldu hauek Donostiako Alde Zaharrean kokaturik dagoen Ilazki (Konstituzio plaza, 5) euskaltegiko ikasleak izan dira eta 2000-2001 ikasturtean aritutakoak. Esku-hartze programa aplikatzeko, ikasleak bi taldetan banatu ziren: esperimentu-taldea (62 ikasle) eta kontrol-taldea (60 ikasle). Aldi berean talde bakoitza, talde txikiz osatua izan da, 10 bat ikasle ingurukoa.

4. Esku-hartze programaren oinarriak

Batik bat Oxford-en (1990) irizpideak hartu dira aintzat zeregin honetan. Bere ustez, ikasle bati eremu honetan laguntzeko garaian, helburu hauek izan beharko genituzke:

  1. Ikasleari pentsaraztea berak bere ikaskuntzan izan dezakeen garrantziaz.

  2. Ikaslearen ikas-estiloa diagnostikatu eta indartzea.

  3. Ikasleari ikusaraztea gai dela bere prozesuan eragiteko, eta bere ahalmen intelektuala gehiago sakon dezakeela.

  4. Jarreraz aldaraztea ikasleak H2 ikasteko bere buruaz izan lezakeen iritzi negatiboaz.

  5. Metodologia gardenagoa erabiltzea.

  6. H2 ikasteko metodologia-ikastaroak ematea.

  7. Ikasleak metakognizioaz jakitun bihurtzea.

  8. Ikas-estrategiei buruzko prestakuntza esplizituki ematea.

  9. Ikas-estrategien efikazia eta errentagarritasuna ebaluatzea.

  10. Behin-behineko programa bat burutzea.

5. Emaitzak eta ondorioak

1. Hipotesia: Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleria, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2 ikasteko prozesuan motibatuago sentitzen da.

Emaitza: Testaurrean motibazioaren aldagaia kontrolatuz, ikusi zen esperimentu taldeak igo egin zuela bere puntuazioa, aldea estatistikoki adierazgarria delarik. Hortaz, lehen hipotesia bete egin da.

2. Hipotesia: Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleriari, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2ko ikasle gisako autoestima igo egiten zaio.

Emaitza: Testaurrean autoestimaren aldagaia kontrolatuz, ikusi da esperimentu taldeak igo egin duela bere puntuazioa, aldea estatistikoki adierazgarria delarik. Beraz, bigarren hipotesia bete egin da.

3. Hipotesia: Euskara H2 gisa ikasten ari den ikasleriak, ikas-estiloetan eta ikas-estrategietan prestakuntza jasoez gero, H2 gehiago erabiltzen du gelaz kanpo.

Emaitza: Testaurrean eta testostean ikusi dugu mendeko aldagaia den euskararen erabilera testosteen batezbestekoak esperimentu-taldearen eta kontrol-taldearen artean, aldagaia testaurrean kontrolatu ondoren, aldea adierazgarria dela eta, beraz hirugarren hipotesia bete egin dela, hau da, esperimentu-taldekoek euskararen erabileran puntuazio altuagoa lortu dutela.
Beraz, era laburrean adieraziz, eta datuak apalak izan badira ere, esan genezake ikasleen ikas-estiloak eta ikas-estrategiak aintzat hartzen dituen euskararen irakaskuntzak, ikasleen motibazioan eta autoestiman eragin positiboa duela eta euskararen gelaz kanpoko erabilera handitu egiten duela.
 
Iņaki Pikabea Torrano
Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. EHU/UPV
E-maila: plppitoi@sf.ehu.es
gora
 

Hausnarrean

 
Gogoeta bultzatzea du helburu atal honek. Arlo korapilatsu asko dira geure eguneroko jardunean. Horiek konpartitzea eta elkarrekin hausnartzea mesedegarria izango ahal da!
 
GURE ETORKIZUNERAKO OINARRIAK
 
Etorri berri gara IX. Trobada de Centres d´Autoaprenentatge-tik eta ez genuke aukera galdu nahi han ikusi eta entzundakoen berri emateaz gain, horietatik sortu zaizkigun kezkak azaltzeko.
 
Bartzelonan egin ohi dira jardunaldiok eta urtero egiten badira ere, bi urterik behin konbidatzen dute Kataluniaz kanpoko jendea. Euskal Herritik joandakoen kopuruak gora egin du eta han ziren, besteak beste, HABE, Aurten Bai Fundazioa, AEK, Abegi, Nafar Gobernua, Errenteriako Udal Euskaltegia...
 
Ikusi dugun lehen kontua parte-hartzaileen izaera izan da. Bertaratu diren gehienak, ia guztiak, autoikaskuntza-zentroetan lanean ari diren profesionalak izaki eztabaida eta ekarrien maila oso altua izan da. Era honetako jardunaldi gehienetan oso partaidetza anitza izaten da eta askotan ez behar bezain profesionala. Oraingo honetan ere baziren lan horrekin lotura zuzena ez zutenak, baina beste askotan baino gutxiago. Gure errealitatera etorrita, faltan hartzen dugu Helduen Euskalduntzearen profesionalek gaur egun dauden hainbat forotan parte hartzea. Hurbiltzen garenean entzule gisa aritzen gara zer esanik ez bagenu bezala. Eta, kontraesana badirudi ere, oso hizkuntza gutxik dute euskarak duen aukera ona. Hainbeste profesional aritzea hizkuntza baten irakaskuntzaren inguruan hain eremu txikian gainontzekoek ez duten abantaila da elkarren arteko lanak bultzatzeko. Kanpotik etortzen zaizkigun ikerlariek goraipatzen duten ezaugarri bat horixe baita: dugun potentziala. Unibertsitatea, euskaltegi publikoak, euskaltegi pribatuak, Administrazioa... asko gara eta emaitza txikiegia proportzioan.
 
Lan horiek proiektu jakinetan gauza beharko lirateke, hainbaten artean garatu beharreko proiektuetan. Nork ez ditu gogoan Helduen Euskalduntzean hasi bai baina oso ibilbide eskasa izan duten proiektuak? Martxan hasi direnak Administrazioak bultzatu ditu gehienetan baina ez ditu behar bezalako bitartekoak ipini benetan garatu behar zituztenek bere egin eta aurrera eramateko. Bestalde, ez da gurean horrelakoetarako kultura eta ohiturarik. Eta horrela oso zaila da aurrera egitea. Honi ez badiogu laster irtenbide bat ematen egoera gero eta okerragoa izango da eta abantaila alferrik galduko dugu. Duela gutxi aritu gara Kurrikulugintzan eta ziurrenik ez da hori bezain proiektu garrantzitsurik izango. Nola planteatu eta burutu da, ordea, proiektu hori? Dei al diezaiokegu proiektu? Aurkeztu ditugu, bai, bakoitzak geurea. Eta, orain? Izan zen eta izango da antza, Autoikaskuntza Batzordea. Nola garatuko da lan hori? Zein bitarteko eskainiko zaio? HABEko Ebaluazio-burua ari da dagoeneko euskaltegietako ikasleen emaitzak egiaztatzeko proiektuaren diseinuan; baina, noren inplikazioa izango du? Noren eta nolako parte-hartzea? Europa mailako hizkuntzen irakaskuntzarekin lotura duten hainbat forotan du ordezkaritza euskararen irakaskuntzak. Nork ordezkatzen du? Zein inplikazio dugu helduen irakasleok? Hitz batean, Helduen Euskalduntzearen bi muturrak aldenduegi daudela iruditzen zaigu eta lotura handiagoa bagenu emaitzak askoz hobeak izango lirateke eremu guztietan. Ohitura falta dugu, ordea eta horrekin batera konfiantza-eza. Euskaltegietatik Administrazioak trabak ipintzen dizkigula sentitzen dugu eta Administrazioaren saiakera bat izan denean, berriz, ez diogu behar bezala erantzun. Urteetan garatu ditugun jokabideok kultura bat sortu dute gurean eta aldatzen saiatzen ez bagara oso emaitza eskasak izango ditugu.
 
Aipatutako proiektuok, bestalde, ikerketara bideratu beharko genituzke. Ikerketa da edozein praktikatan oinarrizko eta ezinbesteko abiapuntua. Hortik aterako ditugu teorizazioak eta praktika egokiak gidatuko dituzten oinarriak. Ikerketa horiek burutzeko ere egoera ezin hobean gaude. Non gurean bezain kontzentratu eta gurean beste ikasle eta irakasle? Non gurean beste datu eta ikerketarako aukera? Eta zertarako erabiltzen ditugu? Urtean behin datuak aurkeztu eta usteetan oinarritutako analisiak egiteko.
 
Izan zen, ordea, Euskal Herritik iritsitako proiektu bat Bartzelonan. BOGAren aurkezpena egin zuten. Guztiok dakigun bezala BOGA euskara internet bidez ikasteko multimedia sistema da. Aldizkari honen aurreko alean egin genuen BOGAren aurreko bertsioaren, HEZINET-en alegia, azaleko azterketa eta hari buruz esandakoak ez ditugu berriz hona ekarriko. Harritu egin gintuen, hori bai, Eusko Jaurlaritzak zabalkunderako laguntza emango diola jakiteak. Suposatu egin genuen, han inork ez baitzuen zehaztasunik eman, laguntza hori diru-laguntza izango dela. Komunikazio-garaian gaude eta ezinbestekoa dugu euskararen presentzia areagotzea baina inola ere ez kalitatearen kaltetan. Ikaragarrizko kontraesana izango litzateke Eusko Jaurlaritzak Aurten Bai Fundazioari diru-laguntza ematea BOGAgatik euskararen irakaskuntzarako duen balioa ikusita. Are gehiago, gaur egun dauden beharrak aztertuta. Eta are gehiago aurreko bertsioak izan duen erabilera ikusita. Hainbat euskaltegitan instalatu zen Hezinet, badakigu, eta horren truke hainbat diru eman zion Jaurlaritzak Aurten Bairi. Egin al da inbertsio horren ebaluaziorik? Aztertu al da zein emaitza izan duen ustezko autoikaskuntzarako sistema horrek? Baloratu al da diru-inbertsio horren errentagarritasuna? Bultzatu edo bilatu al dira beste proiektu errentagarriago eta hobeak? Ezetzean gaude eta horrek ere kezkatu egiten gaitu izugarri. Antza denez erabakia hartuta dago; baina norbaitek oso tentuz pentsatu beharko luke zein egoeratara eramaten gaituen horrek eta zein ondorio izan ditzakeen berez egoera ez oso onean dagoen sektore honetan.
 
Horrelako adibideek eta egoerek ez diote inongo onik egiten Helduen Euskalduntzeari eta lehen aipatu dugun profesionaltasun horren kontrakoak dira gainera. Beraz, azterketa serio eta sakon baten beharrean gara. Berri zehatzik ez badugu ere, susmoa dugu horrelakorik ez dela izango Euskaltegien Bideragarritasuna aztertzeko txostenean eta beste aukera bat galdu dugula ziur gaude. Eta, jakina, aukerak galtzea eta aurrera pausuak ez ematea, atzera egitea da. Berriz ere esan behar dugu: guztiona da erantzukizuna, bakoitza bere eremu eta neurrian, eta errudunik eta aitzakiak bilatzen ibili gabe ez badiogu gaiari behar besteko indar eta seriotasunez heltzen gure geroa beltza izango da.
 
Pedro Lonbide
Santurtziko Udal Euskaltegia
 
gora
 
 
Hizketan... Antton Iņurritegirekin
 
Helduen Euskalduntzean badira zeresan handia duten profesionalak. Atal honetan horien esanak eta iritziak biltzen saiatuko gara, elkarrizketa-formatuan
Antton Iņurritegi urte luzez ari da HABEko Ikuskatzailetzan lanean eta euskaltegi munduan pertsonaia ezagunenetakoa dugu. Urte hauetan guztietan gauza asko ikusi ditu eta gutxi izango dira Helduen Euskalduntzea berak bezain ondo ezagutzen dutenak. Askotan ordea, ez dugu jakin Ikuskatzailetzak zein lan burutzen duen.
Urte asko eta eginkizun ezberdin asko HABEn, ezta?
Urteak nahi baino arinago joaten direla uka ezina da. Eta HABEren sorreratik bertatik Erakunde honetan lanean diharduen batek, hogeita bat urte pasa bertan emanak izateaz gain, esku artean hainbat eginkizun izango ditu halabeharrez, Erakundearen nondik norakoak ere aldatuz joan izan direlako.

    Lanpostuari begiratuta, aldaketa handirik izan ez badut ere, 1984az geroztik ikuskatzailetzako arduradun postuan bainago, aurrera eraman behar izan ditudan lanak asko aldatu dira, Erakundearen egitura ezberdinen, eta zuzendari ez berdinen arabera. Nire lanpostuari berez dagozkion zereginez gain, HABEren zuzendaritzaren hurbileko komodin antzeko zerbait izatea egokitu izan zait zenbait alditan, inori zuzenean atxiki gabeko zereginak ugari sortzen dira gurea bezalako erakunde batean, eta horrelakoei, maiz asko, hurbil egon eta ezetzik esaten ez dakienak egin behar izaten die aurre. Eta hori izan da nire kasua urte luzetan.

    Baina ez diot hau kexa moduan, ezta gutxiago ere, norberaren gustuko lanean jardunda, lana ahalik eta ongien egin izanak asebetetzen baititu, neurri handi batean, norberaren ametsak.

Zein lan egiten da Ikuskatzailetzan?

    Lehenengo galderari erantzunez esan dudan bezala, Erakundearen barne-egiturak zehazten ditu aldian-aldian ikuskatzailetzak burutu beharreko lanak.

    1996az geroztik, Ikuskatzailetzak ez du inolako eskumen eta egitekorik didaktika arloan. Aukera bat zen, eta egin zezakeenak hala aukeratu zuen.

    Horren ondorioz, antolaketa, kudeaketa eta ikuskatzea da HABEren atal honetakoen zeregina, HABEren dirulaguntzapeko euskaltegiek, horretarako ezarri diren baldintzak betetzen dituzten ala ez egiaztatzea, eta arlo horiei buruzko aholku-iradokizunak luzatzea, bai hala eskatzen duen euskaltegiari, baita HABEko aginte-organoei ere.

    Horretarako, gaur egun ezinbesteko tresna bihurtu direnez datutegiak, horiek egunean izateak eta ustiaketak ere bere ardura eskatzen du, horietan oinarritzen baita, hein handi batean, HABEren dirulaguntzen kalkulua.

Askotan, euskaltegietatik gurekin zerikusirik ez duen lana iruditu zaigu. Oraindik ere ba al da horrelako iritzirik?

    Nik ez nuke horrelakorik esango, horrela uste izan duenak ere, zerbait behar duenean, badaki nora jo, eta ahal dugun neurrian laguntza emango diogunaren ziurtasunez.

    Bai, ordea, gaiztoak gareneko iritzia, hau da, HABEren zuzendaritzak deialdietan ezarritako baldintzak saihestu nahian dabilenarentzat, debeku-emaile, zigortzaile… Are gehiago, euskaltegiak HABErekin dituen harremanetan, inoiz mezu ezberdina jaso badu didaktikatik eta ikuskatzailetzatik. Gure koordinazio ezak eragingo zuen horrelakorik.

Nola ikusten duzue Ikuskatzailetzatik Helduen Euskalduntzearen gaur egungo egoera?

    Badakit didaktika arloan urte aberats bezain neketsutan murgilduta ibili zaretela euskaltegiak, kurrikuluaren inguruan, euskara irakasteko bide berriak urratzen (autoikaskuntza...), irakasleriaren trebakuntzan. Baina, behar bezala ezagutzen ez denari buruz onena isilik egotea dela uste dudanez, zilegi bekit errespetu osoz jarraitu eta prozesu horri buruz aipu hau besterik ez egitea.

    Gure egitekoetatik hurbilago ere, helduen alfabetatze eta euskalduntzea erronka unean dela ikusten da. Euskaltegiak barne-etorkizunaren bila ari ziren unean (kurrikulua, eskaintza berriak, sektore batzuk berregituratzen…) iritsi da ikasleen jaitsiera nabarmena ere, une honetan ikusten ari garenez, hirugarren ikasturtez ematen ari dena. Honek krisia areagotzea ekar dezake. Sortzen du honek sektore osoan duda antzeko zerbait, gure lana behar bezala egiten ari ote garen; euskara ikasi edo hobetu beharra dutenak hainbeste direla ikusita, erakarri ordez uxatu egiten ote ditugun; ikasten hasteko erabakia hartu eta gureganatzen denaren gurariak asetzeko unean porrot egiten ote dugun; gure herrigintzan, eztabaida politikoak bizitza osoa kutsatua duenean, ez ote dugun ahaztu hizkuntzak etorkizuneko herrian beharko lukeen pisua, eta ez ote dugun "presio" sozial guztia desaktibatu (hizkuntza bat ikastez gero, ingelesa ikasi behar da, eta horretarako prezio guztiak merke dira)

Eta etorkizuna?

Helduen alfabetatze eta euskalduntzearen etorkizuna barne eta kanpoko zenbait faktoreren ondorio izango da. Ezaguna da, HABEk eskatuta, euskaltegien bideragarritasunaren inguruko azterketa egiten ari dela azken hilabeteotan. Horrek eskainiko dizkigu, noski, gure etorkizunean eragina izango duten oinarri batzuk. Sektorearen barruko faktoreetan nola eragitea komeni den esango digula espero dut.

Baina ezin da ahaztu badela helduen alfabetatzeak eman zezakeena emana duela uste duenik, euskaldun berriak lortzea hezkuntzaren emaitzetara mugatu behar dela, horrek benetako euskaldunak sortzen dituela, eta helduen euskalduntze alfabetatzera ematen diren diru eta giza baliabideen emaitzak hutsaren hurrengoak direnez, hobe dela horiek euskararen beste esparrutara bideratzea.

Eta bitartean, hiri bateko ikastolako gaztetxoen guraso ere banaizenez, ikasle erdiak baino gehiago euren gurasoekin erdaraz mintzatzen direla ikusten dut, ikasle horiek euren artean ere ia beti erdaraz dihardutela, bai familia eta bai ingurua erdaraz bizi direnez, eurek ere euskara ikastolarako bakarrik behar dutela.

Helduen alfabetatze eta euskalduntzearen etorkizuna? Dinamika hori irauli eta gure herri eta hirietan pertsona euskaldun, erdi-euskaldun eta erdaldunek euskaraz bizitzeko dituzten behar errealei erantzun egokia, profesionala eta bakoiztua ematea izango da gure erronka.

Horretan asmatzean dago gure etorkizuna.

 
gora

 

Zera jakin dugu
 
Atal honetan helduen euskalduntzearen inguruan gertaturiko albisteak eta gertaerak biltzen saiatuko gara
 
 
BADATOR!
 
Luze joan zaigu batzuei baina azkenean badirudi badatozela emaitzak. Zerenak? IKEI enpresak egin duen Euskaltegien bideragarritasunari buruzko txostenarenak. Oraindik ere geratuko da despistaturen bat eta agian komeni da atzera-begira bat egitea.

2002ko urrian hasi zen kontu hau Kultura Sailburuak egindako Legebiltzarreko agerraldiarekin eta bertan azaldu zuen Miren Azkaratek HABEk Euskaltegien bideragarritasuna aztertzeko lana enpresa bati eskatua ziola. Egoera korapilatsu eta kezkagarriaren adierazle dira gerora izandako hainbat eta hainbat ekimen eta azalpen. Horien guztien berri izateko, jo Irakasleon Aldizkariaren 9. alera.

IKEI enpresari egokitu zitzaion lana burutzea eta otsailerako bukatzekoa bazen ere, hainbat arazo direla medio atzeratu egin zen eta azkenean apirilerako izango dugu emaitza. Aurrena Legebiltzarrean aurkeztuko dute, jakina, eta ondoren etorriko dira, orain arte bezala, gainontzekoontzako aurkezpenak.

Ikerketaren helburua gaur egun euskaltegiek duten egoera aztertzea eta etorkizunari begirako proposamenak egitea zen, aurrerantzerako ibilbidea zehaztu eta definitzeko. Gu guztion etorkizuna, alegia. Hortik lan honen garrantzia eta aldizkari honetatik eskaini nahi diogun arreta berezia. Orain arte entzun direnetatik atera daitekeenaren arabera, malgutasuna eta modernitatea izango dira etorkizunaren oinarri. Malgutasuna moduluetan eta modernitatea ikasi eta irakasteko bitartekoetan. Aldaketa zein neurritakoa eta zein izaeratakoa izango den aurreikustea, ordea, zaila da.

Izan ere, guztiok gatoz bat egoera ez dela nahi bezain ona eta faktore askok izan dutela eragina orain arteko prozesuan. Aldaketen nondik norakoak zirriborratzean ere nahikoa adostasuna egon da baina argi dago benetako emaitzak eta proposamenak aztertzerakoan bakoitzak bere aldera joko duela eta oso zaila izango dela Helduen Euskalduntzea osatzen dugun guztiok asetzea.

Orain arte bezala lehentasunak ezarri beharko dira (kalitatea/kantitatea, publikoa/pribatua, emaitzak/prozesuak, parte-hartze mailak, e.a.). Eta horiekin eszenatoki berria izango dugu gure aurrean eta baita joko-arau berriak ere. Espero dugu benetan berriak izatea eta ez konformatzea orain artekoei jantzi berriak ipintzearekin. Bestela, pixka baterako partxea izango dugu baina ez aro berri bati hasiera emateko moduko bitartekoak.

EUSKALTEGIETAKO MAILEN EGIAZTATZEA

Egiaztatze sistema bat prestatzea da Ebaluazio Atalaren zereginetako bat. Helburuetako bat ikasleak bere ikasbidea eta irakasleak bere irakasbidea nondik nora doan garbiago ikustea izango da, eta, gainera, egiten ari diren lana frogatzea edo ziurtatzea. Hori aurrera eramateko modua eta antolaketa ikusten ari da HABE, izan ere, bai merkatuak eta bai ikasleak berak hala eskatu baitio. Ezinbestekoa da, bestalde, lan hori euskaltegiekin batera egitea, eta hori aurrera eramateko bidea aztertzen ari dira. Epe laburrean izango dugu horren berri, antza denez.

Iturria: http://www.habe.org/hn_noticias/tablon/indice_e.htm

AUTOIKASKUNTZA DEIALDIA 2003

Aurtengo deialdia abian da. Aurreko hiru urteetan bezala, aurten ere autoikaskuntza bidez ikasten ari diren ikasleek aukera izango dute, eskaera egin eta froga bat gaindituz gero, dirulaguntza jasotzeko. Deialdia ez da oraindik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, baina kontuan hartu eskaerak 2003ko irailean egiteko pentsatuta daudela eta azterketak urriaren hasieran. Aurtengo deialdian berrikuntza batzuk izango dira, eta deialdia argitaratzen denean, interesgarria izango da horiek ikusi eta ikasleei jakinaraztea.

Iturria: http://www.habe.org/hn_noticias/tablon/indice_e.htm

 
gora
 
 

Lotura interesgarriak

 
Askoren ustez Internet-en dugu etorkizuna. Zer berri dugu sarean, baina?
 
 
Azpeitiko Euskara Patronatua: http://www.erabili.com/
 
EIZIE: http://www.eizie.org/
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak webgune berritua aurkeztu du.
Centre d´Autoaprenentatge de Llengües (Universitat Jaume I): http://www.uji.es/serveis/slt/cal/
 
 
Project SMILE: http://www.hull.ac.uk/langinst/smile/index.htm
 University of Hull-en Marina Mozzon-McPherson eta beste batzuk aholkulariaren rolaz garatzen ari diren proiektua.
gora
 

 
Zer berri santurtzieus.com-en?
 
Gure gunean azken aldi honetan egindako eguneratzeak
 
Irakasleon Aldizkaria: 13. alea
 
 
Apirileko zozketa: irabazlea
 
Maiatzeko zozketa: Ezetz asmatu!
gora
 

Harpidetu edo izena kendu nahi baduzu, bete ezazu beheko formularioa eta bidaliguzu

Zer nahi duzu?     

Zure e-posta helbidea?

Irakasleon Aldizkariaren aurreko aleak ikusi nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko dituzu:
 
http://www.santurtzieus.com/irakasle/materialak/artikuluak/irakaldizk/irakaldizk_menua.htm
 
 
www.santurtzieus.com
 
ã Santurtziko Udal Euskaltegia