|
HEOK-aren Hirugarren maila egiaztatzeko azterketak egingo ditu aurten HABEk lehen aldiz. Berri pozgarria guztiontzat duela urte batzuk hasitako prozesuari jarraipena ematen diolako eta euskalduntzea bere osotasunean egiaztatzeko sistema ezarriko delako. Berriak ustekabean harrapatu ditu batzuk, antza, eta berritik eratorritako beste zenbait kontuk bazterrak astindu ditu han eta hemen. Hirugarren maila egiaztatzeko azterketak EGAren deialdi itxia desagertzea dakar eta nahiz funtsean azterketa bera edo bertsua izango den, hainbat aldaketa izango du. Nabariena Atariko Proba desagertzea da. Horrek, dagoeneko euskaltegietan hasita dauden EGA ikastaroetan aldaketak eragin ditu, jakina. Batzuetan aldaketa gogor samarra ere izan omen da. Desagertu esan beharrean, ordea, hobe genuke aldatu esatea. Hemendik aurrera ere izango da Atariko Proba; baina, berriz ere euskaltegien esku geratuko da Hirugarren mailako azterketa egiteko baldintzak nork betetzen dituen esatea. 1. eta 2. mailetan gertatzen den bezala irakasle bakoitzak ikasleari aitortzen dion urratsaren arabera erabakiko da nork egin dezakeen azterketa. Euskaltegi bakoitzak zehaztu beharko du 12. urratsa aitortzeko zein sistema erabiliko duen, orain arte 6.a eta 9.a aitortzeko egin den bezalaxe. Hirugarren mailako egiaztatzeko azterketa honen berriarekin batera beste bat etorri da: euskararen ezagutza-mailak egiaztatzen dituzten tituluen arteko baliokidetza ezarriko duen dekretua ari da prestatzen Jaurlaritza. Horren arabera, HAEEk, Ertzaintzak, Osakidetzak, HABEk eta, txarrenean jarrita pixka bat beranduago, Hizkuntza Eskolek eta Hezkuntzak emandako egiaztagiriak baliokideak izango dira. Berriak bolo-bolo badabiltza ere, oso leku gutxitan entzun dira ondorengo bi kezkok: Baliokidetza ezartzeko aditu-talde bat aritu da lanean hainbat hilabetez. Ez da orain izango unea baina norbaitek azaldu beharko luke egunen batean aditu talde horretan zergatik ez den aritu euskalduntzean zuzenean ari den inor. Hori alde batera utzita, jakin badakigu baliokidetza ezartzeko Hizkuntzen Erreferentzia Marko Europarra erabili dela. Ezin bestela egin 2007an, jakina. Aspalditik da Jaurlaritza ALTE (Europako Hizkuntza Aztertzaileen Erakundea) eta erakunde horrek aspaldi dio aitortuta EGAri Markoaren C1 maila. Euskararen kasuan, baliokidetza dekretuan ezarritako gainontzeko mailei ere Markoaren maila jakin bat aitortuko ote die ALTEk? Duela pare bat urte izan zen Bilbon ALTEren bilera eta suposatu nahi dugu beste askoren artean hau ere aztertuta izango dutela euskararen ezagutza-egiaztagirien arduradunek.
|
Eta zein da horren helburua? EITBren ...
Oso interesgarria