www.santurtzieus.com

ZILARREZKO KATILUA

Nafarroa aldean gertatua da istorio hau. Sagar biltzeko garaia zen eta auzokoak hurbilduak ziren etxe horretara. Egun osoan lan egin zuten eta arratsalde-bukaeran, etxeko jabeek arratsaldekoa eskaini zien, eta edateko, ardoa, zilarrezko katilu batean. Auzoko emakume batek egin zuen zerbitzua eta ardoa guztiei banatuta, zilarrezko katilua sagarrondo baten bi abarren artean utzi zuen. Eta guztiak etxeratu ziren.

Etxeko jabeak nahi izan zituelarik gauzak, puskak bildu, ez zuen aurkitu bere zilarrezko katilua. Inguruak miatu zituen, ikertu eta... Etxeratu zenean bere andreari kontatu zion guztia. "Ez ote digu auzoko emakume honek gure zilarrezko katilua lapurtu, ebatsi?". "Hori balitz, berehala jakingo dugu!". Eta emazteak, kandela bat hartu eta osoki bihurdikatu zuen, santu baten itxura ondoan eman, eta piztu. Kandelak erretzean lapurra ongi gaztigatu behar zuen. Baina auzoko andreari ez zitzaion ezer gertatu.

Biharamunean sagardira itzuli zirenean ikusi zuten sagarrondo bat, bezperan berde-berdea zegoena, orain idortua, sikatua, ihartua. Nagusiak esan zuen bota egin behar zela. Gizon batek aizkora bat hartu eta kriski-kraska zuhaitza lurrera. Eta hortxe ikusi zen sagarrondoa eta honen bi abarren artetik erortzen zilarrezko katilua.