www.santurtzieus.com

TRA LA MONDO EN ESPERANTO

MUNDUAN ZEHAR ESPERANTOZ

Ez ote daukagu nahiko lan dagoeneko euskara berreskuratzen, orain beste hizkuntza bat aldarrikatzen etortzeko? Bai, baina batek ez omen du bestea kentzen...

Esperantoak 111 urte bete ditu, 1887an sortu baitzuen Ludwik Lejzer Zamenhof okulista poliniarrak. Baina Descartesek (1650), Comeinusek (1670) eta Leibnizek (1716) dexente lehenago agertu zuten gai honen inguruko kezka. Mundu guztiak elkar ulertzeko moduko hizkuntza erraz bat sortzeko saiakerak ugariak izan ziren, baina sendotzen lehenengoa Martin Schleyer alemanarena izan zen 1879an: volapük izenekoa azkar zabaldu zen, nazioarteko hizkuntza planifikatu bat praktikan bideragarria zela erakutsiz. Baina urte batzuk beranduago porrot egin zuen arazo ezberdinak medio: egitura akatsak, lexiko zentzugabea, Scheleyerren jarrera autokratikoa, esperantoaren sorrera...

Ludwik Lejzer Zamenhof Bialystoken (Polonia) jaio zen familia judu batean. Jaioterriko gatazkek eraginda bururatu zitzaion esperantoaren egitasmoa, herri, erlijio eta hizkuntza anitz (errusiera, lituaniera, jidisha eta poliniera) liskar giroan biltzen baitziren han.

Hala ere, esperantoaren helburua tresna lagungarri eta baliagarria izatea da, ez beste hizkuntza bat ordezkatzea: "Bakoitza bere hizkuntzan eta esperantoa denontzako" da bere leloa. Gaur egun ingelesa da nazioarteko hizkuntza, baina pentsa daitekeenaren aurka, esperantoa ez dago ez ingelesaren aurka, ez esperantoa inposatzearen alde, esperantoak borondatezko hizkuntza izan nahi baitu. Esperantozaleentzat, hizkuntza aniztasuna ezinbestean gorde behar den aberastasuna da, hizkuntza bakoitzak balore handia duelako, eta babesa eta laguntza merezi dituelako. Beraz, ingelesa bezalako hizkuntza handiek bizi egin behar dute, baina txikiek ere eskubide berbera dutela defendatzen dute esperantodunek.

Ingelesaren gaineko abantaila nagusi bat du: ikasteko askoz ere errazagoa izatea. Funtsean hizkuntza indoeuroparra da, erro gehienak hizkuntza latindarretatik, anglosaxoietatik eta eslaviarretatik hartuak baititu. Beraz, zailagoa da adibidez asiarrentzat, baina, hala ere, espainola edo ingelesa baino askoz ere errazago ikasten dute, hizkuntza planifikatua delako, oso arau gutxi duena. Eta idazten den moduan ahoskatzen da, hots, hitz bera berdin esaten dute esperantozale guztiek, edozein izanda ere euren jatorria, nahiz eta bakoitzak bere entonazioa eman.

ESPERANTOTEGIAK

Euskal Herriko Esperanto Elkarteak Gasteizen du egoitza, eta Bilbon ere badago esperanto talde bat. Bietan antolatzen dira esperanto ikastaroak, normalean hiru hilabete irauten dutenak, astean bizpahiru ordukoak. Ikastaro horietako bat egin ondoren, pertsona bat gai da esperantoa ulertzeko eta esperantoz mintzatzeko, hau da, esperantoaren oinarrizko tresnen jabe da; hala ere, ondoren behar izaten da sakontze aldi bat hiztun osoa izateko. Dena dela, sakontzeko metodorik onena, ikastaro hauetan gomendatzen dutena, bidaiatzea da, kultura eta herri ezberdinak ezagutzea, bide batez, norberaren ikusmirak zabaltzeko.

Eta euskaldunok Euskaltzaindia daukagun bezala, esperanto akademia bat ere badago, mende hasieratik funtzionatzen duena, eta hiztegi arau emailea kaleratua duena esperantozko hitzen definizioa esperantoz eskainiz. Esperantoa ikasteko liburuak ere badira, hiztegiak hizkuntza askotan...eta laster kaleratuko du Aitor Aranak esperanto-euskara/euskara-esperanto hiztegi txiki bat ere.

Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak esperantora itzulita dago, baita Jon Miranderen Haur besoetakoa ere, eta Edorta Jimenez, Joseba Sarrionaindia eta beste autore ezagun batzuen ipuinak ere bai. Literatura esperantora itzultzeak ba omen du abantaila bat: orokorrean, itzultzeko hartzen den lana itzultzailearen ama hizkuntzan idatzia egotea. Itzulpenez gain, esperantoz sortutako lan literarioak ere badira. Badu beraz, literatura tradizioa, hizkuntza bezala oso gaztea izan arren.