www.santurtzieus.com

SORGINEI BURUZKO ISTORIO BAT

Ezkondu baino lehen, nire amona baserrian bizi zen, eta beste baserri askotan bezala, ez zegoen urik etxean. Beraz uretara iturrira joan behar zuten; hau, etxetik bostehun metrora zegoen.

Behin batean joan ziren nire amona eta bere ahizpa uretara; ordurako ilundua zegoen eta Aremaitxakoa pasatua. Aremaitxakoa hiru aldiz jotzen zen egunean zehar: goizeko 6etan, eguerdiko 12etan eta gaueko 9etan, eta azkenak jo eta gero, neska gaztea ezin zen etxetik irten; baina ura behar denean ura behar da.

Hartu zuten bada iturrirako bidea, gaua inoiz baino ilunago, baina bidea ezaguna zenez ez zegoen arazorik. bat-batean, pausu-hotsak entzun zituzten; zaldia zen, antza, baina ezin zuten ikusi, han zegoen, baina ilunetan. Lasai asko segitu zuten aurrera, oso normala baitzen zaldiak libre egotea, baina pausu hotsak beraien atzetik zihoazen. Gelditu egin ziren zaldi hori uxatzeko, baina beraiek gelditu eta pausu-hotsa ere gelditu egin zen. Aurrera segitu eta berriz ere pausu hots horiek atzean. beldurtu egin ziren, zer ote zen zaldi hori? Sorgina ote?

Heldu ziren iturrira eta ura hartu; zaldia oraindik ikusi gabe. Pitxerkada bete eta gero buelta eman zuten, etxerako bidean, baina zaldia ez zuten ikusi. Eta gutxira, berriz ere atzean zaldiaren hotsak. Horixe izan zen bukaera, pitxarra soltatu eta hanka egin zuten antxintxiketan. Eta "zaldia" ere beraien atzetik. Etxera heldu ziren eta berehala goiko pisura joan ziren aitarengana eta dena kontatu. Aitak ez zuen sinestu, baina momentu horretan, etxeko atarian sekulako zaratak entzun ziren: norbait edo zerbait atariko aitzur, igitai eta segak botatzen ari zen. Aitak eskopeta hartu zuen segituan eta jaitsi zen beherantz (Eibarraldean esaten denez, eskopetak agertzean desagertu ziren sorginak), baina han ez zegoen ezer. Bakarrik baserriko tresna guztiak lurrean botata.

Nire ustez herriko morroiren bat izango zen adarra jotzeko gogoaz, baina nire amamak hil arte pentsatu zuen sorgina izan zela zaldi itxura hartuta