www.santurtzieus.com

SORGIN BERRIA

Etxe hartan bi andere bizi dira, ama eta alaba eta hauen morroia, mutil gaztea. Mutil honek etxeko alaba maite du: maitemindua da. Mutila konturatu da behin etxeko andereek ez dutela gauean etxean lo egiten. Biharamun gauean berdin. Ondoko gauean, morroia sutondoan zizeiluan eseri eta lotan balitz bezala gelditu da. Gauerdi aldean bi andreak sukaldean sartu dira. Supazter ondora hurbildu eta harria altxatu. Harriaren azpian den ontzia hartu eta ontziaren barnean den gurina, koipea gorputz guztian hedatu, biek betan formula bat botatzen dutela: "Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik... Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik..." Orduan, holako indar batek bi andre hauek hartzen ditu eta eramaten ximeni zulotik goiti. Eta han nonbait, desagertzen dira.

Nora doaz? Mutilak ez daki, baina jakin nahi luke. Zergatik ez du bide bera egingo ere?!... Orduan, supazterreko harria altxa, eta hortxe dagoen ontzia hartu, koipea poliki-poliki, poliki-poliki bere gorputz guztian hedatzen du, formula esaten duela honek ere, baina makur, oker: "Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik... Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik..." Eta holako indar honek mutil gaztea hartu eta ximeni zulotik goiti bota du, goiti eramaten... lainoaren gainera. Eta lainoaren gainetik jausten da sasiaren azpira eta sasiaren azpitik goiti berriz... Goitik beheiti, beheiti goiti egiten du bide eta heltzen da Akelarrera.

Akelarrera heltzean, dena odoletan, oihuka eta negarrez, sorginek ezagutu dute. Eta makilak hartu dituzte, eta makilekin jo dute. Jo hemendik eta jo handik,... jo eta jo eta jo! Indar berak memento batean hartu berriz eta eraman du lainoaren gainera eta lainoaren gainetik, sasiaren azpira... Eta goitik beheiti, beheiti goiti egin du, etxerako bidea. Eta azkenean etxera heldu da. Gaixo mutila! Etxeko alabarekin ezkontzeko xederik bazuen, hortxe bukatu zen guztia... Andreek, itzultzerakoan mutila, morroia, etxetik kanpo bota baitzuten!...