www.santurtzieus.com

SANTURTZI

" Santurce corral de cabras

Mamariga de cabritos.

La Txitxarra, de chicharros

mira que tres pueblecitos"

(sátira portugaluja)

Ez da hainbesterako izango! Portugalujo hauek beti izan dira "exajerau" samarrak. Dena den, hurrengoa herria izugarri maitatzen duen idazle batek eginda dago. Hau ere gehiegikeria ote?

Txitxarra potxingoz eta lohiz beterik zegoen beti. Nobela batean Jenaro Urtiaga "Sodupek" makaldieta deitzen dio auzategi horri eta bertso hauek eskaintzen dizkio:

MAKALDIETAKO LOHIA

Makaldietara etorri

gizon ausarta bazara

ez itotzeko hango lohian

trikimakoak eraman.

 

Kontuz ibili halabere

han lohia da hain ugari

non irentsi omen ditu

bi ume ta sei pelotari

Txitxarrako putzua kenduta, gainontzekoa zoragarria omen zen. Garai hartako Santurtzi ezagutu zuten idazleek horrela deskribatzen zuten.

Inoiz kontatu ez badizute nolakoa zen Santurtzi lehen, edo inoiz ikusi ez baduzu garai hartako argazkirik hurrengoa irakurtzen duzunean zaila izango zaizu imajinatzea. Hala ere horrelakoa zen gure herria gure aiton-amonen garaian. Paisaia ezin dugu berreskuratu, santurtziarren jatortasuna eta saleroa bai ordea, inoiz galdu ez dugulako. Gorde dezagun, beraz, umore ona izugarri maitatzen dugun herri honetan besterik geratzen ez zaigu eta.

XIX. mendearen bukaeran, J. Mañek zera idazten zuen: "Santurtzi ospetsua izan da beti bere eguraldi on eta atseginagatik. XVI eta XVII. mendeetan Santurtziko zelaietan limonondoak eta laranjondoak omen zeuden".

Juan E. Delmasek honela deskribatzen zuen Santurtzi: "Santurtziko etxeak onak eta erosoak dira. Etxeek kale bat eta enparantza bat baino ez dute osatzen. Honi beste kale zuzen bat gehitu behar zaio Mamariga auzoan. Gainontzeko etxe guztiak lautadetatik eta muinoetatik zabaltzen dira beti baratzez eta zuhaitzez inguratuta. Honek guztiak oso itxura atsegina ematen dio herriari".

Labayruk "Historia general de Bizkaia" liburuan zera komentatzen zuen: "Naturaren edertasuna ulertzeko ilunsentia Santurtzitik ikusi behar da. Leihoak irekitzen ditugunean panorama ikusgarria dugu begien aurrean: untziek uzten dituzten uhara zuriak itsasoan isladatzen dira. Lehenengo izarrak zeruan agertzen dira. Argiak leihoetan eta kaleetan pizten dira. San Jorge elizako kanpaiak mezatarako deia jotzen du. Txorien kantuak eta marinelen familien ahots garbiak entzuten dira herri lasai honen zehar. Zaila da deskribatzen. Bizi behar da, sentitu, gozatu eta gero…isildu".

Isildu eta negar egin esango nuke nik galdu duguna gogoratzeak eraginda. Egin dezagun memoria apur bat Santurtzi izena nondik datorren gogoratzeko.

Kondairei kasu egiten badiegu, Santurtziri buruzko lehen berriak VIII. mendekoak dira. Bertan, Bizkaiko lehenbiziko jaunaren osaba-aitona izan zen Froomez hitz egiten da. Lallanako arrezifeetan korsarien kontra izandako gatazka batean gertatu omen zen Froomen heriotza.

Leiendak, hain zuzen ere, inon idatzita ez daudelako eta konfirmatu ezin direlako dira leiendak, beraz, datu hau ezin da inolaz ere egiaztatu. Hurrengoa, berriz, benetakoa da:

Gure herriaren izenaren berririk zaharrena 1075. urtekoa da. Urte hartako agiri batean Sant Georgis izeneko monasterio bat agertzen da: "Monasterium Sant Georgis, quod est in insula maris in Summo Rostro". Garai hartako monasterioak eliza txikiak baino ez zirela gogoratzea komeni da elizaren tamainuaz ideia zehatza egiteko.

Geroztik, historian zehar, dokumentu batzuetan agertzen da gure herria, hori bai, beti izen ezberdinekin, besteak beste hauexek: Sancte Georgi, Sant Yorgui, Sant Yurdic, Sant Yordie, Sant Yurye, Santiorde, Santiurde, Santurye, Santurdi, Santurci, Santurde, Santurze, Santurse, Santurce, Santurtze eta Santurtzi.

Argi dago gure herriaren izena San Jorge elizaren izenarekin lotuta dagoela. Honek ere pentsatzeko motiboa ematen digu. Izan ere herriaren inguruko herri guztietako elizen izenak arruntak dira, hau da, oso zabalduta dauden izenak: San Juan, Santa Maria, San Pedro…eta abar, baina ez San Jorge. Beraz, ordua da jakiteko izenaren zergatia.

Kondairak dioenez, eliza edo aintzinako monasterioa Bretaina Handitik etorritako monje batzuek eraiki zuten beraien herriko patroiaren ohorean: San Jorge, herensugeen etsaia.

Eliza katolikoari San Jorge beti susmagarriegia eta erromantikoegia iruditu zaionez, Juan XXIII. Aita Santuak San Jorge santutegitik ezabatu zuen. Dena den, elizak santu honenganako debozioa oso zabalduta zegoen tokietan adbokaziorako baimena mantenitu zuen. Pentsa ezazue, bestela, zer izango litzatekeen Katalunia San Jordi barik.

Santurtziko elizarekin jarraituz, badirudi XI. mendeko aintzinako eliza erromanikoko tinpanoa baino ez dela geratzen. 1920. urtera arte elizan bertan ikus zitekeen tinpano hori. Gaur egunean Bilboko Euskal arkeologia, etnografia eta kondaira museoan dago ikusgai. 1620. urtean eraiki zuten oraingo eliza eta San Jorgeren adbokazioaren pean ere jarri zuten.

San Jorge herriko patroia zenez, Santurtziko jaia apirilaren 23an, San Jorge egunean, ospatu da urteetan zehar. Gaur egun, guztiok dakizuenez, Santurtziko ugazabandrea Karmengo Ama birjina da, baina hori beste istorio bat da.