www.santurtzieus.com

PORRUSALDA

Ajeari aurre egiteko

Gehiegi edan baduzu, oheratu aurretik atera kontuak. Bost minutuz irakin 50 gramo perrexil litro-erdi uretan. Handik hamar minutura erdia edan, eta beste erdia biharamunerako utzi. Jaiki eta berehala edan beharko duzu ur hori.

Kableak zuritzeko

Horretarako tresna egokirik ez baduzu, ez hasi zuritzen guraizeekin. Moztu egingo dituzu hariak. Erre piska bat kable-muturra. Erraz zurituko duzu horrela.

Hanburgesak nola frijitu

Erabili burdinezko zartagin lodia. Olioa bero samar dagoenean, sartu haragia eta moteldu apur bat sua. Hanburgesak meheak badira, lau bat minutuz frijitu alde bakoitzetik. Oso lodiak badira, berriz, sei bat minutu ere beharko dute.

Alkatxofak almejekin

Lau lagunentzako osagaiak: 20 alkatxofa, 40 almeja, 4 baratxuri-ale (xehetuak), 2 koilarakada irin, arrain-salda, oliba-olioa.

Zuritu alkatxofak beldurrik gabe, samurrena bakarrik aukeratu, egosi eta utzi ur horretan. Kazola zapal batean berotu olioa baratxuri-zatiekin batera, eta gorritzen hasi baino lehen, erantsi almejak eta irina eta eragin etengabe. Ondoren, gehitu arrain-salda, eta egosi su motelean saltsa loditu arte. Bukatzeko, alkatxofei ura kenduta, bosna alkatxofa eta hamarna almeja zerbitu, eta saltsarekin estali.