www.santurtzieus.com

MARTINTXO

Haran hartako herri hartan ogirik ez daukate, garirik ez daukate, alta badakite zer den. Badakite ere basajaunek mendialdean erabiltzen dutela. Baina zer egin lortzeko, eskuratzeko. Ez dakite. Behin elkartu ziren herriko enparantzan herritar guztiak eta eztabaidatzen. Orduan hurbildu zitzaien herriko mutil gazte bat, Martintxo.

"Ni joango naiz basajaunen ikustera, eta haiekin dena konpontzera." "Zu, Martintxo?". "Bai, ni".

Martintxo bere etxean sartu da eta laster atera bota handi batzuk soinean, enparantza zeharkatu, eta etxeen artetik poliki-poliki herritik urrundu.

Gain hartara heltzean Martintxok, basajaunak lanean aurkitu ditu. Agurtu eta: "Ni Martintxo nauzue, saltogile handienena. Nahi baduzue, apustu bat egingo dugu, gari meta horren gainetik salto egiten dudala. Eta zuek?". "Ah! Guk ere bai". Orduan basajaun bat abiada hartu eta biop! salto egiten ikusi da. Eta haren ondotik bigarren batek abiada hartu eta gari metaren gainetik salto egin. Eta horrela poliki-poliki basajaun guztiek égiten dute. Martintxok ere bere aldian bere bota handiekin abiada hartu du, eta youp! altxatu eta brast! Gari-metaren erdi-erdira erori da. Hortxe dago kezkatua, lotsati. "Ah! Ez dakit nik zer gertatu den. Ah!" Gariaren artetik jautsi da poliki-poliki eta basajaunak agurtu ditu eta kanpamendutik urrundu da Martintxo.

Hortxe utzi ditu basajaunak irriz eta barrezka. "Zer ote zen apustu egile hau? Zer egin nahi zuen hain txikia, aizue?. "Eh! Lagunak! Ikusi ote duzue zer egin duen honek! Ez ditu botak hustu guk egiten dugun bezala, gari-metatik jaustean". "Botak ez hustu! Beraz, gure gari-aleak lapurtu dizkigu!". "Garia lapurtu, guri!". "Bai!". "Om! Ontxo! Harrapatu behar dugu, harrapatu behar dugu".

Orduan basajaun guztiak Martintxoren atzetik korrika abiatu dira. Martintxok hantxe urrunago beherago korrika segitzen du, ahal duen bezala bere bota handiak soinean. Ba daki, basora heltzean salbu izango dela. Momentu batean entzun ditu basajaunak hurbiltzen, ikusi du ere gauza bat bere ondotik pasatzen, aizkora bat zen, basajaun batek bota ziona eta korrika segitu du Martintxok, basajaunak hurbiltzen direla eta azkenean brast! Sartu da hantxe, zuhaitzen azpian, ohian iluneko zuhaitzen azpian salbu da. Basajaunek hori ikustean hantxe berean gelditu dira, eta haserre gorrian bueltatu, marmarika murmurika mendialdera.

Martintxok basoa zeharkatu du eta, herrira heltzean, enparantzan gelditu da. Herritarrak hurbildu zaizkio eta bere abentura kontatzen hasi da.

Bota bat hartu gero eta hustu du, bigarrena ere bai enparantza erdira. Eta herrian jendeak oihuka: "Martintxok garia ekarri digu! Ogia! Ogi-aleak ekarri ditu! Festa bat egin behar da!". "Festa bat? Aizue! Zuek ba ote dakizue garia noiz ereiten den?". Ez, herritarrek ez dakite. Ah! Orduan zenbait denboraren buruan Martintxo berriz igo da basajaunen kanpamendu aldera, eta entzun ditu hantxe esaten: "Gizonek ez dakite noiz ereiten den garia, baina guk badakigu!

"Ja jai! Ja Jai!

Baldin baleki hartuko luke, baldin baleki hartuko luke. Hostoa irtetean, artoa ereiten. Hostoa erortzean, garia ereiten. Ta Sanlorentzotan arbia ereiten."

Martintxok ekarri zuenean basajaunen sekretua herrira, festa handi bat egin zuten, eta gau horretan Martintxo izan zen festa hartako erregea.

Gaur goizean ogi zuria jan baduzu, hori da Martintxok behin gari-aleak basajaunei lapurtu zizkielako.

Eta, hori hala bazan, sar dadila kalabazan, eta atera zure gogoaren erdiko enparantzan.