www.santurtzieus.com

MARITXU KAJOI

MARITXU KAJOI, JENDE ETA GASTU GEHIEGI

Zenbait arrasatearren iritziz, diru gehiegi xahutzen da eta jende gehiegi etortzen da herrira

Azken urteotan txikiteroen egunak zenbait aldaketa izan ditu. Batzuen ustez, gaur egun gehiegi gastatzen da prestaketetan, eta jendea ere larregi izaten da herriko taberna eta txokoetan. Beste batzuek, ordea, dutenarekin konformatu eta urtero jantzi bera janzten omen dute.

JONATAN ATXA

Asko gustatzen zait Maritxu Kajoiko gaua, batez ere dotore jantzita ateratzea. Hasieran aitaren ezkontzako trajea janzten banuen ere, azkenean, berria erosi nuen.

LORE GARRO

Hamalau urte nituenetik hiru aldiz aldatu dut soinekoa. Jaia apur bat masifikatua dago. Lehen jai tradizionala zen, herrikoa eta herriko jendeak asmatua. Orain, ostera, kanpoko jende gehiegi etortzen da. Uste dut ez duela merezi gau bakar baterako hainbeste diru gastatzea.

MIKEL LLANES

Egia da jende asko etortzen dela, baina niri asko gustatzen zait, herriko beste jaiak baino askoz ere gehiago. Diru asko gastatzen da, baina gehienok daukagunarekin konformatzen gara.

NEREA MARURI

Kanpotik jende asko etortzen bada ere, gau berezia izaten da. Nahiko ondo agoantatzen da jendetza. Jostunak egin zidan aspaldi soinekoa, eta harekin atera naiz urtero. Dena den, aurten ziurrenik lehengusina bati eskatuko diot berea. Gainera, etxean afalduko dugu koadrilakoek.

UNAI OSINAGA

Aurten beharbada jantzi egingo naiz, eguraldi, koadrila eta momentuan daukadan gogoaren arabera. Jai hau ez zait batere gustatzen, jende larregi eta giro gutxi izaten delako. Gainera, lehen herrikoiagoa zen.

EUGENIO RAMOS

Kanpotar gehiagi izaten da, baina, oro har, oso ondo egoten da gaua. Dena dela, azken urteotan jaiak gehiegi aldatu direla uste dut. Lehen dotore janztea zen helburua, etxean aitajaun eta amandrearen arropa zaharrak hartu eta janztea. Orain, ostera, diru gehiegi gastatzen da arropa ponposoak erosten.

MARIJE SALTERAIN

Ez naiz sekula Maritxu Kajoirako jantzi, baina kalera irtetea asko gustatzen zait. Nire ustez jendea pasatu egiten da apur bat. Egun horretan asko edaten da, eta dirua ere asko gastatzen da.

ITXARO ARTOLA

Urtero soineko bera jazten dut. Handikeria kontuak jadanik pasatu dira, eta jada normalizatu egin da jaia. Urtero 60.000 pezeta gastatzea gehiegizkoa da.

SANDRA HERNANDO

Soineko bera jazten dut urtero; normalean gauzaren bat edo beste aldatzen diot. Koadrilakook ez dugu diru larregi gastatzen; soinekoak elkar aldatzen ditugu eta etxeren batean afaltzen dugu.

EIDER IRIA

Azken bost urteetan soineko bera jantzi dut. Gaua oso polita izaten da, nahiz eta batzuetan jende gehiegi etorri. Bestalde, diru gehiegi gastatzen da. Guk afarian gastatzen dugu diru gehien, jatetxean afaltzen baitugu.