www.santurtzieus.com

KUKUBEL

Kukubel artzain neska gaztea da, umezurtza eta musikazale amorratua. Berak egiten ditu, arte eta ezpelezko instrumentuak: ttunttun, txistu, txilibitu eta txirulak, eta jotzen ere bai; inguru guzia, poz-pozik, lorian dagola. Gain hartarik, eliza batetako ezkila entzuten duela edo beste batetako kanpaia, otoitz, bat egiten du.

Holako batez, Andra Mari hurbildu zaio eta honek eskatu dio: "ea zer nahi duen saritzat". "-Nik txirula bat nahi nuke, entzunen duen edozein berehala dantzan emanen duena!" Orduan eskuan agertu zitzaion instrumentu hori eta bere aurretik Andra Mari desagertu. Eta neska pozik, kontent, jotzen hasi zen, inguruan zituen ardi, arkume eta bildotxak dantzan hasi zirela. Dantzan eta dantzan, triska eta triska, musika bukatu arte.

Egun hortan, herriko abadea, apez ehiztaria, inguru hortara hurbildu zen erbi baten atzetik. Kukubel neska gaztea, txirula hartu eta konturatu gabe jotzen hasi zen. Orduan apeza dantzan, dantzan eta dantzan hau ere, sasietako lapar zorrotzek larru eta jantziak urratzen dizkiotela. Dantzan eta dantzan... Honen haserrea, txistua ixildu zenean...! Gaua etorri baino lehen, apezak Kukubel salatu zuen herrian, "sorgina zela eta Urkamendira eraman behar zela". Hori entzutean, herritarrek neska bahitu zuten eta eskuak sokaz lotuta eraman.

Biharamunean, Urkamendiko bidean zeramatela Kukubel, herritarrek inguratzen zuten eta honek eskatu zien eskuak libratzeko. Apezak hori entzutean, herritarrei erran zien: "-Ni lotu nazazue zuhaitz honi badaezpada ere!" Halaxe egin zuten. Gero, Kukubeli eskuak libratu, eta hau txirula hartu eta jotzen hasi zen. Eta orduan berean, herritarrak dantzan hasi ziren: Dantzan eta dantzan... Buelta eta biraka... Eta apeza zuhaitzari heldua, "taunka, taunka, taunkaka". Herritarrak hain pozik ziren, holako musika ederrak entzunik eta dantza politak eginik, non Kukubel neska gaztea hortxe berean libratu baitzuten.