www.santurtzieus.com

JOSE MARIA ARRATE

"Presidente naizen artean ez dugu atzerritarrik izango"

Presidente lanetan zure hiru urte hauei begiratu azkar bat emanez gero, Irureta entrenatzaile lanetarako ekarri zenuela dakusagu.

Oso denboraldi ona egin genuen; Barcelonaren aurka azken jardunaldira arte UEFAko leku baten bila borrokatu genuen, Europan oso itxuroso eta ekonomi aldetik ere onuragarri izan zela. Jabier Iruretaren dimisioa izan zen puntu beltz bakarra eta oraindik sendatu ez zaidan tripako mina, gainera. Nahigabe handia izan zen niretzat.

Eta Stepirekin egindakoa hankasartze galanta ez da?

Bundesligan esperientzia handikoa zen, sei denboralditan jarraian bere taldea Europan sailkatu zen, erreferentzia ezin hobeak geneuzkan, baina atzeko zulotik joan zitzaigun. Akats handia egin nuela aitortu behar dut. Izan ere, gorriak ikusi nituen.

Luis Fernandezekin, berriz, loteria egokitu zaizuela dirudi.

Geure nortasuna, geure izateko era berehala ulertu du Fernandezek. Howard Kendallen kasuan bezala, entrenatzaile kualifikatua izateaz gain bere gizatasuna azpimarratuko nituzke. Entrenatzaile batek besazpian gurpildun maleta darama, asmatu ala ez, emaitzek emango diote azken finean arrazoia. Baina, horrez aparte, bai Howardek eta baita Luisek kanpotik etorrita bat batean lur hartu dute Euskal Herrian eta etxeko bat gehiago bilakatu dira.

Joseba Etxeberria fitxatzeko 550 milioi pezeta ordaindu zenutenean jendea asaldatu egin zen. Hiru urteren bueltan zifra horrek zeinen gutxi balio duen ezta?

Horrela dago futbola. Duela gutxi milioi pezeta kopuru beldurgarriak ziruditenak eskupeko bihurtu dira eta zorabio honek iraun bitartean okerrera goaz. Fitxaketak aipatu dituzunez, nire agintaldian eginikoekin asmatu dugula esango nuke. Etxeberria, Alkiza, Goiko, Lizarazu, Jose Mari, Urzaiz…bakoitza bere neurrian. Baina denak probetxugarriak.

Urzaiz, ordea, garesti samar atera zaizue.

Badakit hamabost milioi pezetaren truke erosteko aukera izan genuela, baina etzazu begibistatik galdu jokalari nafarraren ibilera: Real Madrilek bidali zuen, gero Albacete, Celta, Salamanca, Rayora joan zen, eta azkenik Espaņoli 425 milioi pezeta ordaindu genizkion. Zorionez, golak eginez jaso dugu gastatutakoaren ordaina.

Zure lorpenik handiena Julen Gerrero lotzea izan da. Hala ere 1200 milioiko klausulako soka hori egun edonork eten lezake.

Aurten Julenek bi eskaintza izan ditu, klausula ordaindu eta dirutza beldurgarriak jarri dizkiote mahai gainean. Berak, ordea, etxean nahiago. Esaterako, zertarako 8000 milioiko klausula Betisek Alfonsori, jokalariak egunen batean beste talde baten jokatzea erabakitzen badu? Hemen gustura ez dagoenarentzat ez dago lekurik. Julenen kasuan ez beldurrik izan, urtetan segituko gu gurekin. Kontratua 2007. urtera arte sinatu zuen.

Futbol zelai berriaren afera zertan dago?

Athleticen etorkizunak oinarrizko abiapuntu bat du eta hori futbol zelai berria da. Berria diogunean eraberritua esan nahi dugu. Batetik, argi dago San Mames txiki gelditu zaigula geure jarraitzaileen eskakizunetarako. Klub baten oreka ekonomikoa bazkideen kuoten bitartez finkatzen da; hogeita hamahiru mila bazkidetik berrogeita hamar milara pasatzeko ez dut uste inolako arazorik izango genukeenik. Realak Anoetara joan zenetik izan duen bazkide igoera nabarmena lekuko.

Athleticek elikagai bakarra harrobian izaten jarraituko du?

Zalantzarik gabe; mendeurrena ospatuko dugun honetan, geure filosofian ez dugu zipitzik aldatu, ezta aldatuko ere. Jokalariak euskaldunak, denak euskaldunagoak bagina hobe, Euskal Herrikoak esango dut. Badakizu, arraunlarien paladak sakonak diren bitartean ez dago arazorik; orain izorratuta gaudenean kanpotarrak beharrezkoak direla entzungo dugunik ezin dut baztertu. Baina neu Athleticeko presidente naizen artean ez dugu atzerriko jokalaririk fitxatuko.