www.santurtzieus.com

IZENBURUAK ANTZEMATEN

Gaita eta txistu doinuak entzungo dira gaur santiagon

Galiziako Santiagon gaita doinuekin batera txistu eta trikitixa doinuak entzungo dira gaur, Xacobeo urteko ekitaldien barruan Euskadiren eguna ekarriko baitute gogora bertan. Ekitaldi horretarako propio joanak dira Galiziara Euskal Autonomia Erkidegoko agintariak, Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua buru dutela.

Hamar gaztetxotik hiruk aberats izan nahi

Espainian egin berri duten inkesta batek -gaztetxoei euren bizitzan dituzten gogo eta asmoei buruz galdetu diete- emaitza bitxi-bitxiak eman ditu. Hara: %33 inoiz aberats izango den esperantzan bizi dira eta %18k, berriz, sinestuta daukate famatu izatea lortuko dutela egunen batean.

Chicagok eduki nahi du eraikuntzarik altuena

Urteetan izan dituzte Estatu Batuetako hirietan eraikuntzarik garaienak. Aspaldi honetan, baina, marka hori galdua zuten Kuala Lumpur Malasiako hiriburuaren mesedetan. Horrek amorratuta edo, Chicagon etxe orratz garai-garai bat egiteko proiektua lantzen hasi dira. Eraikuntza horrek 112 solairu edukiko lituzke eta 469 metro luze. Lortzen badute, eurena izango da marka berriz ere.

Etxebizitzako leihotik drogak saltzen harrapatuta

Gizon bat atxilotu zuten herenegun arratsaldean Bilboko Rekaldeberri kalean, droga saltzeaz akusatuta. Hain zuzen ere, etxebizitzako leihotik saltzen omen zuen droga gizonezkoak, Ertzaintzak jakinarazi zuenez. EAEko Polizia Autonomikoaren arabera, Ertzaintzak 21 dosi kokaina eta 14 heroina harrapatu zizkion gizonezko horri etxean atxilotu ostean.

Euroa, Cintruenigoko dirua

Nafarroako Erriberako Cintruenigo herrian euroak erabiliko dituzte ondorengo asteetan dendetan. Herrian ez dute nahi kaosik izatea euroa iristen denean, eta horregatik bi urteko plana jarri dute martxan. Lehen fasea orain hasiko da, eta bi astetan euroak erabiliko dituzte saltokietan, ohitura hartzen joateko.

Poltsikoko telefonoaren laguntzaz, lapurrak atxilotu

Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen atzo Getxon, Bizkaian, ustez etxebizitza batean lapurtzeagatik. Poliziak jakinarazi zuenez, bi gazteak lapurtzen ikusi zituen, eta gero ihesari ekin zioten. Jabea korrika atera zen haien atzetik, eta segitzen zien bitartean poltsikoko telefonotik Ertzaintzari deitu zion. Laster agertu ziren poliziak, eta gazte bat atxilotu ondoren, bestea ere atzeman zuten.