www.santurtzieus.com

INGENIARITZA GENETIKOA

…gizaki guztiak ederrak eta osasuntsuak, indartsuak eta inteligenteak izango dira. Bizitza, errazagoa eta luzeagoa, baina mereziko ote du bizitzeak?

Ingeniaritza genetikoak gelditugabeko aurrerapausuak eman ditu 1953. urtean James Watson biologo estatubatuarrak (Nobel saria 1962an) eta Francis Crick fisikari britainiarrak herentziaren muina den azido desoxirribonukleiko (ADN) molekula aurkitu zutenetik. Ordutik, geneak ezagutzeko eta manipulatzeko gero eta ikerketa zehatzagoak egin eta, ondorioz, gizakiaren ongizaterako aurrerapausu garrantzitsuak eman dira: giza fetoaren malformazioen inguruko aurrerakuntzez gain, ingeniaritza genetikoak gizakion osasun eta bizi kalitatea hobetzeko aukera paregabeak ematen dituela pentsa daiteke.

Dena dela, ingeniaritza genetikoaren inguruan ahots kritiko ugari agertu direla ere ezin da ahantzi. Hain zuzen ere, asko dira Eskoziako Roslin institutean sortu duten Dolly izeneko ardi klonatua edota Oregongo (EEBB) Beaverton hirian tximu klonatuekin egindako esperimentuak adibidetzat hartuz, ingeniaritza genetikoaren erdigunea den klonazioaren arriskuak azpimarratu dituztenak. Izan ere, teknika hau menperatzeak, gizakion duintasuna zalantzan jar dezaketen eta, zentzu honetan, etikoki oso eztabaidagarriak izan daitezkeen saiakera genetiko ugariren ateak zabaltzen ditu:

Alde batetik, jaio behar denaren sexua eta kode genetikoa aurrez erabakitzeko aukera eskaintzen du. Horrela, era bereko gizakiz osatutako gizarte, herri edota elkarteetan pentsa genezake: armadak sortzeko, gizaki kloniko agresiboak sortuko lirateke; zientzian eta ikerketan jarduteko, itzelezko adimena duten gizaki klonikoak; kirol ezberdinetarako, berezitasun zehatzak dituzten kirolari klonikoak eta abar.Askok A. Huxleyk "Mundu zoriontsu bat" liburuan deskribatzen zuen gizarte mota hemen dela aldarrikatzen dute.

Bestalde, klonazioak enbrioiaren balio genetikoa aztertzeko balio du. Horrela, amari umontzian enbrioia ezarri baino lehen, klonazioz lortutako enbrioi horren "kopia" azter daiteke akatsik duen jakiteko.

Klonazioz lorturiko enbrioiak izoztu egin daitezke eta organo baten beharra dagoen kasuetan, hor dago aurrera atera den gizaki kloniko horren "kopia genetiko" bat izozkailuan, inolako arazorik emango ez duen organoa emateko prest.

Klonazioak, bestalde, bikoteak aukeratutako adin tartearekin, seme-alaba genetikoki berdinak izateko aukera emango luke.

Erabilpen horien guztien aurrean, Jean Rostanden gogoeta hau etortzen zait burura: "Aukeratutako hazietatik jaioak, akatsik gabeko genez hornituak, hiperraktibatutako hormonez osatuak eta hobetutako enzefalodunak…gizaki guztiak ederrak eta osasuntsuak, indartsuak eta inteligenteak izango dira. Bizitza, ziurragoa izango da, errezagoa, luzeagoa, baina mereziko ote du oraindik bizitzeak?

Patxi Juaristi, Aizu aldizkaria