www.santurtzieus.com

HEGAZKIN ARGENTINARRA

Hegazkin argentinarren izozketak sortutako pisuak eragin zuen istripua

75 bidaiari hil dira Uruguain DC-9 hegazkin bat erortzean

Argentina Iparraldeko Misiones hiritik Buenos Aires hiriburua zihoan Austral konpainiako DC-9 hegazkinak istripua izan zuen atzo, eta 75 bidaiariak hil ziren. Laguntza zerbitzuek adierazi dute izotzarengatik gertatu zela istripua.

Agentziak / Montevideo

Austral konpainiako DC-9 hegazkin argentinar batek tupust egin zuen atzo gauean Uruguaiko mendebaldean, Nuevo Berlin izeneko herritik 30 kilometrora. Istripua Uruguai eta Argentinaren arteko muga alboan gertatu zen. Hegazkinak 75 bidaiari zeramatzan Misiones eskualdeko Posadas hiritik Buenos Aires hiribururaino, eta, agintariek eta laguntza zerbitzuek baieztatu dutenez, bidaiari guztiak hil dira. 75 bidaiarien artean 2 edo 3 haur zeuden eta 5 pertsona tripulazioko partaideak ziren.

Hegazkina eskualde belartsu eta zingiratsu batean erori zen eta laguntza zerbitzuek arazo aunitz izan zituzten hegazkinaren atalak topatzeko. Hegazkineko gidariarekin kontaktua galdu eta bost ordutara, hegazkinaren hegal bat topatu zuten. Atzo goizean laguntza zerbitzuek bederatzi kilometrotako eremu batean sakabanatuta aurkitu zituzten gorpuak eta hegazkin zatiak La Garita izeneko nekazal ingurune batean.

Arrazoi finkorik ez oraindik

Uruguai eta Argentinako arduradunek ez dute istripuaren arrazoia zehaztu oraindik, bizilagunen adierazpenek hipotesi ezberdinak daudela baieztatu dutelako. Istripu garaian euri eta haize erauntsia zegoen Rio Negro eta Nuevo Berlingo eskualdean. Uruguaiko Aire Indarren Bernabe Gadea koronelak, izotzari egotzi zion istripua. Bere esanetan hegazkina 10000 metroko garaieran zihoan zeropeko 59 graduko tenperaturarekin eta hegazkinaren kanpoaldea izoztu egin zen. Izotzaren pisuak eragin zuen hegazkina erortzea. Herritar batzuk adierazi dutenez, ordea, hegazkinak istripua izan baino lehenago su bola baten antzeko zerbait ikusi omen zuten zeruan, eta une gutxira eztanda handi bat.

Euskaldunon Egunkaria