www.santurtzieus.com

HARGINA

Behin bazen harri egile bat, harri egiten, harri pikatzen, kixki eta kaxka bere mendialdean ari zena. Herriko jendeentzat etxeak eginik, jaun handientzat palazioak eraikirik lan asko egin zuen, eta diru gutxi irabazi. Holako batez, etxean zegoela, aberats izatea gogoratu zitzaion. Gau horretan, bere mendiko lagunak, lamiak, aberats bihurtu zuen.

Biharamunean, bere burua aberats aurkitu zuen, lorategian, hortxe, deus egin gabe, egun osoan, eguzki azpian, lasai, lasai. Baina eguzkiak berotzen zuen, erretzen zuen, burua kiskaltzen zion, "Zer da hau? Eguzkia ni baino indartsuago, ala? Eguzki izan behar nuke, eguzki izan behar dut". Eta gau hartan, lamia adiskideak aberatsa eguzki eder bihurtu zuen.

Goiz hartan, eguzki altxa zen zeruan, eder, errege baten irudikoa, enperadore bat bezala gain horretatik hasi zen inguru guztia argitzen, berotzen, erretzen, nahi zuena egiten. Eta holako batez hurbildu zitzaion hodei zuri bat, bere izpien aurrean eman zen, guztia trabatzen. "Hau zer da? Ni baino indartsuago hodei hori? Ahh! Hodei izan behar nuke!". Eta gau horretan, lamia adiskideak eguzki eder-ederra hodei bihurtu zuen.

Hodeia, zeruan gaindi, zerua zeharkatzen ibili zen egun osoan, eta gero, mendialde batera hurbildu, mendi ¡lan baten inguruan ibili, lainoak egiten, euria, elurra, txingorra, kazkabarra, harria eta guztiak, eta mendia ez zen mugitzen. "Hau zer da? Mendi beltza ni baino indartsuago ala? Mendi izan behar dut, mendi izan behar dut nik". Eta gau hartan, lamiak hodei txuria mendi beltz bihurtu zuen.

Mendi, eder, burua zeruan hodeien tartean eta oinak lurrean ongi finkatuak, mendi indartsua. Orduan, sentitu zuen bere oinetan beherean holako "Txik-txik-txik-txik" zerbait. "Hau zer da?". Beherera begiratu eta ikusi. gizon bat, mailu bat eskuan eta zizela bestean, "tin-tin-tin-tin-tin" jotzen, harri egile bat. "Ou! Au!, horrela jarraitzen badu, honek puskatu egingo nau, lurrera botako nau, harri egile izan behar dut, harri egile izan behar dut nik". Eta gau hartan, lamia lagunak, mendi beltza harri egile bihurtu zuen.

Biharamunean, hantxe ari zen lanean harri egilea. Hurbildu zitzaion orduan lamia adiskidea. "Eh! Bidaia ederra egin duzu, gauza asko ikusi, ikasi, baina uste dut nik, orain, hobe dugula gelditzea zu hargin eta ni lamin".

"Guztia nahi duenak, guztia galtzen dau ltsuak eskribaua engainatu dau.

Ai! Oi! Ei! engainatu dau.

Ai! Oi! Ei! guztia galtzen dau."