www.santurtzieus.com

HAMAIKA URTEZ AIREPORTUA ABERRI

Hitchcock bezala, Alfred da, eta zine-zuzendaria legez, hau ere sir da. Hala deitzen zioten Parisko Roissy-Charles de Gaulle aireportuko langileek: "Sir Alfred". Benetako izena Merhan Karimi Nasseri du. Hamaika urte egin ditu Europan bizitzeko baimena ematen duten paperen zain. Azkenean lortu ditu irandarrak, Belgikan 55 urte ditu, eta bizitzari bigarren aldiz ekingo dio.

Merhan Karimi Nasseri-ren aita sendagilea zen; ama eskoziarra, erizaina lanbidez. Ezkontzatik at sortutako umea izan zen Merhan. 1945. urtean jaio zen Massede Soleiman-en. Jaiotako gunea Oil Company anglo-irandarraren menpean zegoen, eta, beraz, M. Karimi-ren ustez, bera britainiarra da jaiotzez. Eta Parisko aireportuan zintzo jokatzen baitzuen, denek "Sir Alfred" deitzen zioten.

Belgikaren laguntza

1968an ikasten ari zen Britainia Handiko unibertsitate batean. 1976an bazuen Irango pasaportea, baina berak ez zuen jaioterrira itzuli nahi. Ez zuen nahi eta ez zioten uzten joaten. 1976-81 urte horietan Europan barrena ibili zen bidaiatzen: Holanda, Yugoslavia... 1981ean Belgikak errefuxiatu politiko izaera onartuko dio. Paper horiek eskuan, britainiar egiten saiatuko da Merhan Karimi, baina britainiarrek ez zioten laga. Eta 1988an paper guztiak galdu egin zituen, edo lapurtu egin zizkioten.

Aurten Belgikak berriro eman dizkio paper berriak, errefuxiatu politiko da berriro. Hamaika urte egon da zain. Eta Parisko Charles De Gaulle aireportuan egon da —lau hilabetez egon zen kanpoan soilik- itxaroten bere hiru maletekin. Hiru maleta horietan beharrezko guztia zuen: bizarra mozteko makina, arropa (gutxi), musika klasikoa, punken musika, liburuak...

Aireportuan funtzionarioen lagun egin zen, jana ekartzen zioten. Itzultzaile ere izan zen hango poliziarentzat. Baina ez zen saiatzen lar itzulpenetan, ez zituelako irandarrak (erkideak) salatu nahi Frantziako poliziaren aurrean. Orain itzulpenak utzi, eta bere amaren bila arituko da ziurrenik. Simone izena du, eta M. Karimiren aitaren maitalea izan zen.

HABE aldizkaria, 295 zkia.