www.santurtzieus.com

HABANARA

Itsas bazterreko portura itzuli ziren txalupak, eta hustu zituzten. Kendu arrainak, kendu paluak, kendu belak, sareak, otarreak eta guztiak, arraunak ezik, eta gauzak eraman zituzten herrira. Arrantzale zahar batek erabaki zuen gaua bere txalupan iraganen zuela, eta hortxe geratu zen gauean eta lotan gelditu zen. Gauaren gauean hurbildu zitzaizkion bi andre, gona gorriz jantzita, sartu txalupan, hartu arraunak eta formula bat ematen dutela: "a cada palada cien leguas", "arraunaldi bakoitz ehun legoa", eta orduan altxatu zen txalupa eta uraren gainean, haizea bezala, urrundu zen eta laster heldu zen Habanara.

Hara heltzean, bi andrek txalupatik jautsi ziren eta beren gauzen egitera urrundu. Gizona ere altxa zen, eta txalupatik jautsi eta hondartzan ikusi zuen hantxe zuhaitz bat. Hurbildu eta abar bat kendu zion, eta bueltatu zen txalupara, pipa piztu eta itxoiten. Laster itzuli ziren bi andre gonagorridunak. "Mmm? Tabako usaina? Zer da? Gizon bat badabil hemen? ala?". Gizona txalupan zegoen, aurkituko zuten beldurrez. Orduan andreak txalupan sartu, bi arraunak hartu eta formula berarekin eta abiada berarekin berriz abiatu zen itsasontzia uraren gainean.

Gaua bukatu baino lehen, portura heltzean, bi andreak txalupatik jautsi ziren eta urrundu, eta desagertu nonbait. Orduan gizon zaharra, abarra eskuan, herrian zehar denetan ibili zen Habanako bidaia kontatzen, baina herritarrek ez zioten sinetsi. Eta zuk? Sinestuko ote zenuen?