www.santurtzieus.com

EUROTAN JOLASTEN

Urte bi lehenago Mungiako herritarrek eurotan egiten dituzte erosketak

Egunon, kafesne bat, mesedez. Zenbat da? "0,84 euro", erantzuten dit Aritza tabernako zerbitzariak. Eskua poltsikoan sartu, aurreko egunean banketxe batean aldatutako txanponak atera, eta kontuak egin ostean, 0,50 euroko txanpon bi ematen dizkiot. Berak, 0,10 euroko txanpon bat eta 0,02 euroko hiru itzultzen dizkit, guztira 0,16 euro. Hau zoramena!

Baina, zorionez, ez naiz ni gezurrezkoak diruditen erretxinako txanponekin arazoak dituen bakarra. Bederatzi urte dituen Alaitzek esku batetik bestera darabil 0,10 euroko txanpona (euroaren hamar ehunen), ez baitaki horrekin zenbat goxoki eros ditzakeen. Azkenean, Montsek gozoki dendako jabeak diru horrekin zer eros dezakeen azaldu ostean, hiru txikle eta bueltako 0,01 euroko txanpona esku artean alde egiten du, pozik lehenbizikoz eurotan erosi ostean.

Erosketak eurotan egiteko arazorik ez dutenak oro har Mungiako etxekoandreak dira. Eroski kutxazaineko ilaran aurkitu genuen Karmenek azaldu zigunez, "berriro zentimoetara bueltan, pezetekin ibiltzen ohitu orduko orain zentimoak eta euroak eta...Lehenengo egunetan galduta, baina orain erraz-erraz ordaintzen dugu txanpon hauekin. Ikasi egin behar, ez dago beste erremediorik. Honezkero jenerorean prezioak eurotan ere ikusi doguz".

Arazoak arazo, mungiarrak kasinoetako txanponen itxura duten euroak erabiltzen trebatu dira asteotan; eurotan erosten jolasean aritu baitira.

Mungiara urte bi lehenago heldu da euroa. Italiako Salernon eta Alemaniako Stuttgar-en bezala, 12.000 biztanleko Bizkaiko herri honetan euroari buruzko esperientzia bat garatzen ari dira egunotan. Europako integrazioa sustatu eta diru bakarraren etorrera erraztea ditu helburu egitarauak.

48 denda, taberna eta jatetxetan euroekin eros daiteke

Guztira Mungiako 48 denda, taberna eta jatetxek hartzen dute parte aste bi iraungo duen ekimenean. Hilaren 10etik pezetatan eta eurotan ematen dituzte prezioak eta batean zein bestean ordaintzeko aukera eskaintzen diete beren bezeroei.

Udalak, Eusel elkartearekin batera, 12.020 euro (bi milioi pezeta inguru) jarri ditu zirkulazioan, bi euro, euro bat, 50 zentimo, 20 zentimo, 10 zentimo, 5 zentimo eta zentimo bakarreko txanponetan. Ez dago paperezko dirurik, faltsutzeko errazak omen dira eta. Txanponok Mungiako enpresa batek egin ditu eta 2001. urtearekin batera etorriko diren euroen kopia zehatzak dira, baina plastiko edo erretxinaz egindakoak.

Igandetik aurrera euroak aldatu dituzten bankuek kontuak egin eta Udalari bueltatuko dizkiote euroak; guztiak, bueno, lehenengo diru bakarraren bila Mungiaraino hurbildu diren bildumazaleek eskuratutakoak izan ezik.