www.santurtzieus.com

EBONIKERA

ZER DA EBONIKERA?

Estatu Batuetako gizarte nahasian sortu den arazo berri honek osagai desberdinak ditu, polemikara erraz eramaten dutenak: hezkuntza, berdintasuna eta arrazakeria, beste batzuen artean. Kaliforniako Oakland hiriko eskola kontseiluko zuzendaritzak piztu zuen metxa, ebonics delakoaren ezagupen ofiziala eskatu duenean. Alegia, heziketa elebiduna sar dadila eskoletan, ingelesez eta eboniks-ez.

Ebony (ebano, zur beltza) eta phonics (soinuak, fonemak) hitzetatik sortutako neologismoa da ebonics. Ez dakigu euskaraz zuzen asmatuko dugun, baina kronika honetarako ebonikera esango dugu.

AFRO-AMERIKARREN ARAZOAK ESKOLAN

Estatu Batuetako hezkuntza sailaren ikerketa eta estatistika zehatzen arabera, ikasle beltzen heziketa maila beherantz doa urtez urte. Hezitzaile askoren ustez, ikasle afro-amerikarrek zailtasun handiak aurkitzen dituzte irakurketan eta idazketan. Datu horiek azterturik, Oakland hiriko hezkuntza erakunde bateratuak bere ondorioak atera zituen: agian emaitza txarren eragilea ikasle beltzek erabiltzen duten hizkeraren marjinazioan aurki daitekeela pentsatu zuten.

Oakland Kaliforniako hirugarren hiria da tamainaz, Los Angeles eta San Franciscoren ondoren, eta bertako eskola barrutia da beltzak nagusi diren bakarra Kalifornian. Ikasle guztien %53 dira beltzak, baina talde gisa, emaitza kaskarrenak ematen dituzte. Ondorioz, Oaklandeko heziketa bereziko geletan %71 dira beltzak.

Oaklandeko eskola kontseiluko zuzendaritzaren ustez, konponbidea irakaskuntza nolabait elebiduntzean datza. Oaklandeko ikastetxeen kasuan, ikasleriaren gehiengoa afro-amerikarra denez, hezkuntzarako ingelesa eta ebonikera erabili beharko lirateke. Hezkuntza departamendu federalak berehala eman du emaitza: " Ebonikera izena hartu duen afro-amerikarren ingelesa slang bat da eta ez da eskoletan irakatsiko".

"Arazoaren hasiera besterik ez da hau", adierazi du John Rickford-ek, Stanford Unibertsitateko hizkuntzalaritza irakasleak. " Badakigu, ziurtasun osoz gainera, Estatu Batuetako afro-amerikarrek egiten duten ingelesak berezkoa den sistema eta barne estruktura zehatz bat duela. Beraz, alferkeria edo slang bat dela adierazten dutenek ezjakintasuna besterik ez dute erakusten".

SOZIOLINGUISTEN IRITZIA

Hala ere, soziolinguisten artean ere iritzi desberdinak daude. Batzuentzat, ebonikera hau hizkuntza desberdinen arteko kontaktuaren ondorioz sortutako hizkuntza berri bat da. Beste batzuentzat, berriz, ingelesaren dialekto berri baten aurrean gaude. Hizkuntza ala dialektoa izan, arazoa aztertu duten askorentzat garbi dago afro-amerikarren ikasketa maila hobetzearren heziketa elebidunaren beharra dagoela.

AFRO-AMERIKAR BATZUEN IRITZIA

Ebonikerari buruzko eztabaida hasi besterik ez da egin. Baina dagoeneko badaude, NAS raperoen moduan, beren abestietan ebonics-aren aldarrikapena egiten dutenak. "They wont understand us(…), but the revolution raps in nigger". Alegia, ez digute ulertu nahi, baina iraultzak beltzez rapeatzen du". Hala ere, Estatu Batuetako beltzen artean ere ez datoz denak bat. Jesse Jackson apaizak, politikako beltzik ezagunenak, kritikatu egin zuen Oaklandeko neurria haren berri jakin zuenean, baina gero eskola kontseiluko kideekin bildu zen eta aurkako jarrera moldatu egin zuen.

OAKLANDEKO ESKOLA KONTSEILUAREN AZKEN ERABAKIA

Bestalde, ebonikeraren ezagupen ofizialak elebitasuna ez dakarrela zehaztu zuen Jean Quan-ek, eskola kontseiluko zuzendariak. Kontua da irakasleek ebonikeraren bidez saiatu beharko dutela ikasleei ingeles estandarra irakasten. Hau izango da lehen helburua, baina ikasleen jatorrizko mintzaira estandar horretatik nahiko aparte dagoela kontuan hartu beharko dute. Elebitasuna ezartzea baino, ikuspegi pedagogiko berri bat sartzea da koska.

ZURIEN IRITZIAK ETA MUGIMENDUAK

Estatu Batuetan indarra hartzen ari diren mugimendu batekoak daude: ingelesaren ofizialtasunaren aldekoak " English Only", English First edo U.S. English bezalako izenekin, ingelesa bakarrik edo lehenbizi aldarrikatzen duten zenbait talde daude. Estatu Batuetako konstituzioak ez du zehazten ingelesa denik hizkuntza ofiziala, eta hori lortzeko lanean ari dira talde hauek. Beste hizkuntza batzuen erabilpen ofizialaren kontra daude erabat, diru publikoa xahutzea dela pentsatzen baitute.

Zergetako diruaz aparte, Amerika zuri anglosaxoniarraren ideia bat arriskuan ikusten dutela igartzen zaie talde hauei, bereziki etorkin berrien eta hispanoen gorakadak mestizajeak eraginda. Oaklandeko erabakia ere ez zaie batere ondo iruditu eta kaleratu dituzten erreakzioetan ezin dute beren eskuindartasuna ezkutatu. Mugimendu hauetako partaide batzuen ustez, ingeles estandarra da aukerak izateko behar duten hizkuntza herrialde horretan.

English first-ek eta beste taldeek diotenez, beren jarrerak etorkinen eta gutxiengoen alde egiten du. Honela arrazoitzen dute: Hizkuntza gutxituak, etorkinen jatorrizkoak edo mintzaira bereziak babesten badira, jende horrek ezin izango du Estatu Batuetako lan eta gizarte aukera zabaletara iritsi. Ingelesa da "aukeren hizkuntza", eta beste batzuk suspertuz, hiztunak maila baxuko enplegu eta soldatetara kondenatzen omen ditu administrazioak.

ALABAMAKO KASUA

Hizkuntzen batailak dena den, ez dira ebonikeraren kontura mugatzen Estatu Batuetan. Hizkuntzen ofizialtasuna eta elebitasuna pil-pilean dauden gaiak dira hango gizartean, eta estatu askotan daude polemikak. Adibidez, ingelesaren ofizialtasunaren aldekoek pare bat bataila garrantzitsu dauzkate une honetan Alabaman eta Arizonan.

Alabaman, emakume hispano batek gidatzeko karneta ateratzeko azterketa gaztelaniaz egiteko baimena eskatu zuen eta estatua auzitara eraman zuen. Alabama da ingelesa hizkuntza ofizial bakar izendatu duen 23 estatuetako bat (51 estatu dira guztira errepublikan), eta azterketak ingelesez bakarrik egiten dira. Beste estatu batzuetan, ordea, itzulpen zerbitzuak jartzen ditu administrazioak. Kalifornian txineraz, armenieraz, punjaberaz edo hmong hizkuntzan (Indotxinako gutxiengo baten mintzaira) egin izan dira eta egin daitezke gidatzeko baimenerako azterketak.

Euskaldunon Egunkaria 1997