www.santurtzieus.com

ORAIN 40 URTE HIL ZEN JAMES DEAN

Txinan esaten dute: kontuz ametsekin, agian bete egingo dira eta. Horixe gertatu zitzaion James Byron Dean gazteari 1955eko irailaren 30ean.

Azkar bizi nahi zuen, gazte hil eta gorpu eder izan. Gorpu eder beharbada ez, baina azkar bizi eta gazte hiltzea, hori lortu zuen, 24 urterekin hil baitzen auto-istripu batean. Orduantxe sortu zen mitoa. Oraindik irauten du 40 urte geroago. Baina gaurko gazte askok ez dute ezagutzen.

James Dean 1931n sortu zen, Indianan. Bederatzi urte zituela ama hil zitzaion, eta Fairmaunt-era joan ziren bizitzera. UCLA unibertsitatean zuzenbide-ikasketak eta antzerkia ikasi zituen. Baina, UCLA txikiegia zen berarentzat, Hollywood-era joan nahi zuen. Elia Kazan-ek The Inmoralist antzezlanean ikusi zuenean, erabaki bat hartu zuen: James Dean izango zen Al Este del Edén pelikulako Carl Tras.

Hiru pelikula

James Deanek hiru pelikula egin zituen: Al Este del Edén, Gigante eta Rebelde sin causa. Zergatik, beraz, horrenbesteko arrakasta? Antzezle ona zelako? Horregatik bakarrik? Badirudi ezetz. Berrogeigarren hamarkadaren bukaeran EEBBetako gazteria etsita bizi zen gerra hotzean murgilduta, gazteak ez zeuden gustura beren gurasoekin -hori belaunaldi guztietan gertatzen da- eta eredu bat behar zuten imitatzeko. Eta hiru pelikula horietan nor imitatu aurkituko dute. Eta ez EEBBetakoek bakarrik. Lotsatia zen, txikia, txintxo-aurpegia zuen, zakarra izaten ere bazekien, zarpaila, egundoko aldarteak zituen, ez zuen helburu jakinik bizitzan, autoen abiada maite zuen , arriskua, ez zen batere eraman erraza, eta, gainera, gazterik hil zen. Itxaropena handiak sortzen ari zen antzezlea gazterik hil!

James eta Jack

Jack Simmons James Deanekin bizi izan zen bolada batean, maitale izan ziren. Marrazki-mordoa aurkitu dituzte Simmonsen etxean, Deanek egindakoak. Eta marrazki horietan, Deanek Simmonsi zion maitasuna ikusten da. Marrazki batean Jack izena azaltzen da eta "k" hizkiaren gainean zakil bat, eta marrazki berean zera jartzen du "zutaz pentsatzen ari naiz". Baina harreman horiek ezkutuan gorde zituen James Deanek. Agerian ez zen gizon zale. Behin eta berriz garaiko aktoresa ospetsuenen aldamenean ateratzen zuten argazkietan. Horrela indartzen zuten J. Deanen irudia Warner Bross ekoizpen-etxekoek. Hala dio Iñaki Estebanek artikulu batean: "Warner-ek Pier Angeli aktoresa polita aurkitu zuen. Warner-ek ekoiztutako El cáliz de plata pelikulan parte hartu berria zen neska. Elkarrekin gustatu, elkarrekin irten, eskutik helduta estreinaldi batzuetara joan...hori egin zuten, baina besterik ez".

HABE aldizkaria