www.santurtzieus.com

BI BERRI LABUR

BIZIKLETA-TAXIAK BERRIRO DABILTZA PARISEN

Astelehenaz geroztik, kolore horiko bizikleta-taxiak ikus daitezke Parisko karriketan. Bi anaiak eratutako enpresa batek Frantziako hiriburuko ibilbide turistikoak horrela egiteko aukera eskainiko die bisitariei. Eratutako lehen ibilbideak 5,2 kilometro egiten du La Concordeko enparantzatik abiaturik. Lenhart anaien asmoa da hogei bat bizikleta-taxi ibilaraztea eta zenbait ordutako lana eskaintzea unibertsitateko ehun bat ikasleri bereziki. Bizikleta-taxirik izan zen antzina Parisko karriketan, baina haiek garai hits batean zebiltzan, hots, Frantzia aleman tropez okupatuta zegoenean eta erregai eskasagatik garraio mota hori asmatu behar izan zutenean.

KASTORE GAIZKILEAK

Washingtonen, EEBBetan, gaizkile bat atxilotzen dutenean bezala eman zuten berria: "Azkenean lortu dugu Jeffersonen monumentu inguruko arbola historikoak botatzen zituen taldeko buruzagia atxilotzea". Horraino ezer arrarorik ez du berriak, ezta? Kontua da, baina, talde hori ez zela gaizkile arruntek osatutakoa, kastore familia batek osatutako baizik. Animalia horiek, azkenaldian, lan eta lan aritu dira eta parkeko gerezi japoniar ugari bota dituzte. Joan den astean, familiako ama eta semea atxilotu zituzten, baina buruzagia-aita-, harrapatzeko saio guztiek huts egin zuten. Gaixoa atzo erori zen tranpan.