www.santurtzieus.com

AXERIA ETA PUTREA

Elurra egingo zuela esan zuten. Orduan gizonek egurrak bildu, etxean sartu eta suak piztu. Egin zezala elurra... Abereek aspalditik bazekiten elurra egingo zuela. Orduan bakoitza sartu zen bere zuloan, bere txokoan, bere ohantze bero eta goxoan, egin zezala elurra... Axeri zahar bat ezik. Honek, gorputza zuloan eta burua kanpoan zuen eta hortxe zegoen lasai-lasai, gaua bukatzen bezala erdi ametsetan goizean. Memento batez bere sudur gainean holako gauza hotz bat sentitzen du. Begiak ireki eta ikusi, zerutik erortzen, gauza zuri batzuk. "Zer ote da hau? Baina, zer ote da?" Axeriak ez du behin ere halakorik ikusi. Eta ingurua zuri, eta gero eta txuriago bilakatzen da. Orduan azeria zulotik atera eta bueltaka eta biraka, oihuka eta garrasika entzuten da gelditzeko gauza. Orduan agertzen zaio saia bat, putre zahar bat.

"Zer gertatzen da, axeritxo?". "Gertatzen da nik ez dakidala zer diren zerutik erortzen diren gauza horiek'" "Zuk ez dakizu zer diren horiek? Ja! Axeri, zerutik erortzen zaizkigun gauza horiek lumak dira, lumak". "Lumak? Lumak?". "Bai, lumak. Zeruan festa handi baten prestatzen ari dira eta oiloak, oilaskoak, ahateak eta antzarrak lumatzen dituzte eta horiek botatzen dizkigute lumak". "Aja! Lumak!"

Hemendik ikusten dituzu axeriaren gogoan pasatzen diren irudiak eta axeria zerura begira ea hodeien artetik ikusiko ote duen oilasko bat, ahate bat edo... Putrea konturatu da gauza honetaz eta esan dio: "Begira badakit igo nahi duzula. Begira nire buztana eta hartu ezazu zure hortzekin nire buztana eta eramango zaitut gain hartara." Laster egin du axeriak aukera. Ahoa ireki eta hartu putrearen buztana.

Eta honek poliki-poliki abiada hartu du. Eta igo da zeruan, gero eta gorago, gero eta gorago, bueltaka, biraka, goiti, goiti hegan, igo eta gainean, hantxe, zeruko isiltasunean entzun da putreak axeriari galde egiten: "Hei, axeri, zer moduz? Nola zaude?" Erantzunik ez. "Eh! Nik galdera bat egin dizut eta erantzun bat nahi nuke. Zer moduz, axeria"? lsiltasunak erantzun dio. "Beno, erantzunik ez bada berriz jautsiko gara. Hori nahi duzu? Jaustea? Eh? Hori nahi duzu?" Eeezz!!".

Putrearen buztana utzita axeria lau hankak zabal-zabal erortzen da eta beherean ikusten ditu harriak, tente, zeruari begira. Orduan axeriak oihuka, garrasika esaten die: "Begira, alde egin, alde egin hortik erortzen bainaiz!". Baina harriak ez dira mugitu eta axeria, axeria, harrien artera erori da, eskratxatu eta bertan hil da.