www.santurtzieus.com

ARROSAKO ZUBIA

Deabruek egina Arrosako zubia,

Eskutikan eskura Asteleitik jarria,

Eskutikan eskura Haitzondotik harria,

Deabruek egina Arrosako zubia...

Arrosa herrian zubi berri bat eraiki behar zuten. Eta, hargin batek egin behar zuen lana. Hitzarmena sinatua zuen, eta epe batean lana bukatu behar. Baina lanean hasi orduko, epea, epea laburtzen, eta lana ez zuen bukatzen. Kezkati, triste, ilun gertatu zen gure hargina, egun hortan. Egun hortan berean agertu zitzaion deabrua. "-Zer da ba? Zer duzu hain triste, hain ilun? Zer gertatzen da?" Eta gizonak guztia kontatu. "A! Nahi baduzu, nik, zure arimaren truke, zure arima saltzen badidazu, nik zure lana bukatuko dut gaur bertan, bihar goizean oilarrak bere lehen kukurrukua bota gabe!" Eta gizonak onartu. Eta bigarren hitzarmena sinatu zuen bere odolarekin. Etxeratu zenean, kezkati, ilun, bere andereak galdegin zion: "-Baina zer gertatzen da?" Eta harginak guztia kontatu." -Egon zaitez trankil, nik egingo dut dena. Ni arduratuko nahiz gauza honetaz.

Gau hortan, deabrua eta bere laguntzaile deabruak lanean hasi ziren. Zubia eraikitzen poliki-poliki, harriak pasatzen batetik bestera: "To, Gillen... Emak, Gillen... Harrak, Gillen, To, Gillen... Emak, Gillen... Harrak, Gillen..." Eta zubia altxatzen, altxatzen... Gauerdi aldean, anderea bere etxetik atera, kandela batekin, eta oilategi ondora hurbildu zen. Eta kandelari sua eman, piztu. Argia! Argi hori ikusi zuenean, oilarrak uste izan zuen eguzkia zela, altxatzen ari. Orduan, bera ere altxa zen, eta, goizero egiten zuen bezala, bere lehen kukurruku, eder eta politena eta ozenena bota zuen. Hori entzutean, deabrua eta bere laguntzaileek oihuka, garrasika, saltoka, korrika eta lasterka zubi ondotik urrundu ziren eta hantxe nonbait desagertu, urrun...

Deabruek egina Arrosako zubia,

Eskutikan eskura Asteleitik jarria,

Eskutikan eskura Haitzondotik harria,

Deabruek egina Arrosako zubia...

Eta zubia? Zubia egina da, eraikia osoki. Baina deabruak ez du hitzarmena bete: harri bat eskas da, azken harria...