www.santurtzieus.com

ANBOTOKO ANDEREA

Zein da lamiarik ezagunena? Mari, jakina. Mari bakarra bada ere, leku askotan bizi da. Batzuek Txindokikoa dela diote, beste batzuek Murumendikoa eta hemen Bizkaian Anbotoko dama dugu emakume hau.

Mari modu askotan agertzen zaigu: zeruan doan gurdi batean eserita, suzko bola baten itxuran, sugarrez inguratutako emakume, ahari baten gainean, hegazti edo ahuntz oinak dituen emakume, eta abar.

Anboto mendiko magalean, Zabalaundin bertan dauka etxea, kobazulo eder batean bizi da gure lamia, bertan den-dena da urrezkoa. 7 urtetik behin etxez aldatzen da, Anbototik Oiz mendira doa, Oizetik Mugarrara eta handik 7 urtera berriz Anbotora.

Mari izaki bakar batekin dago ezkonduta, suge batekin hain zuzen, baina hainbat izen ezagutzen diogu bere senarrari:

Maju (Azkoitian), Sugaar (Ataunen), Sugoi (Diman). Mari eta bere senarra ostiralero biltzen dira, eta elkartu egiten direnean ekaitz gogorrak sortzen dituzte. Marik eta bere senarrak bi seme izan zuten: Atarrabi (ona) eta Mikelats (gaiztoa).

Bizkaian bertoko 1go Jaunaren jatorriarekin zerikusia duela diote. Behin Sugaar Mundakako printzesa batekin elkartu zen, lotura horretatik Bizkaiko lehenengo Jauna sortu zen, hau da, Jaun Zuria.

Ataun, Ordizia, Arano aldean badabil istorio bat. Bertan zera diote, Mari gizaki batekin ezkondu zela, Beasain aldeko gazte batekin hain zuzen eta 7 seme-alaba izan zutela. Mariren senarra katolikoa zen eta Mari elizan sartu nahi zuen, baina Marik ez zuen inondik inora horrelakorik egin nahi. Egun batean lotuta eraman zuen elizaraino senarrak, eta apaizaren bila sartu zenean sakristiara, Marik, suzko bola bihurtuta, ihes egin zuen hegalka, zera esaten zuen bitartean: "Nire umeak zerurako, eta ni Murumendirako".

Beste istorio batek zera dio: Don Diego López de Haro oso mendizale amorratua zela, eta behin mendian neska eder bat aurkitu zuela, ahuntz-oin bat zeukana. Ezkontzeko esan zion eta neskatoak baietz erantzun. Baina baldintza bat jarri zion Don Diegori, inoiz ez zuela bere aurrean aitarenik egingo eta hala agindu zion Don Diegok. Ezkondu ziren eta semea eta alaba izan zuten. Baina egun batean agindutakoa ahaztu eta aitaren egin zuen Bizkaiko Jaunak, orduan bat batean ama eta alaba desagertu egin ziren. Antza denez, emakume hori gure Mari zen.

Horrela, bai Maju, Sugaar edo Sugoi, bai Mari Bizkaiko Jaunaren etxearekin dute lotura estua.

Marik zeregin asko dauka: bere kobazuloko sukaldean ikusi dute ilea orrazten, iruten. Beste batzuetan atean egoten da eguzkitan. Urrezko haria ere egiten du, asteazkenetan arropa garbitzen du, eta ostiraletan ogia egiten du labean, ekaitzak ere berak bidaltzen ditu.

Askotan gizakiek aholkua eskatzen zioten Mariri, lantegiak-edo ez zebiltzanean, edo arazo bat zeukatenean. Behin, XIV. mendean Don Diego Toledora eraman zuten preso. Horren semea amari hurbildu zitzaion aholku eske. Marik aita nola atera zezakeen kartzelatik azaldu zion, eta halaxe salbatu zuen semeak aita, Mariren aholkuari esker.

Mariri hainbat gauza eska dakioke. Horretarako harriak bota behar dira bere kobazulotik hurbil, edo harriak jarri zuhaitzen inguruan. Ekaitzen aurka babes ditzan artaldeekin prozesioan joaten dira Anbotora; beste batzuetan txanponak ere jarri izan dizkiote kobazuloen ateetan. Ohitura hau nahiko zabalduta zegoen kristautasun aurretiko garaian. Izan ere, erromatar txanponak aurkitu izan dira Isturitz, Santimamiñe eta abarreko kobazuloen ateetan.

Marik "ezaren" bidez zigortzen du. Adibidez Ikaztegietako sagardotegiko jaunak 10 kupel sagardo egin zuen, baina 6 baino ez zuela egin aitortu. Gainontzeko laurak Marik hartu zituen. Bada esaera bat zera diona: "ezari emana ezak eraman".

Marik zigortzeko beste modu batzuk ere baditu, artzainei ahariak kentzen dizkie, beste batzuetan, ekaitza eta harriak ekartzen ditu. Hauei aurre egiteko kobazuloen aurrean meza egiten zuten herritarrek.

Inoiz Mariren etxean sartu nahi baldin baduzue hainbat arau izan beharko duzue kontuan:

Lehenengo eta behin, zuka hitz egin behar zaio, errespetua zor diogu eta. Bigarrenik, kobazulotik sartu zareten moduan atera behar duzue, hau da, atzerantz ibiliz, beti izan behar duzue Mari aurrean, ez diozue inoiz bizkarra eman behar. Eta azkenik, ez zaitezte eseri, nahiz eta berak hori egitera gonbidatu. Arraro samarra da tratuan, baina Jainkosa da, eta kasu egin behar diogu.

Dena dela, ez zaitezte inoiz bertara sartu aldez aurretik Marik berak ez bazaituzte gonbidatu. Are gutxiago berea dena lapurtu. Mañari aldeko gazte batek Mariren kobazuloaren ondoan zegoen urrezko orrazi bat hartu zuen, gau horretantxe bahitu zuen Mairk. Ordutik, inortxok ere ez du hartaz ezer jakin.