www.santurtzieus.com

AKELARRE BAT LAMIAKON

Larunbat bateko arratsaldeko seiak dira. Gazte talde bat Leioako Artaza jauregirantz abiatzen da. Bakoitzak plastikozko poltsa bat botilaz beteta darama eta dibertitzeko gogo izugarria.

- Jakin daiteke zer daramazue hor barruan?

- Ardoa, wodka, tekila… denetik. Romoko supermerkatuak ezer gabe geratzen dira asteburu guztietan. Gu edaria erostera sartzen gara, bizpahiru botila ordaintzen dugu disimulatzeko eta beste guztiak lapurtu egiten ditugu. Ez dira ezertaz enteratzen!

Gazteak parkera sartzen dira eta "txiringitoa" antolatzen dute zuhaitz baten ondoan.

- Hemen ordu pare batez egoten gara edaten, mozkortu arte, eta edaria bukatzen denean neskatara joaten gara.

Ordu baten buruan botilak hustu egin dira. Ardo kartoizko kutxak akumulatu egiten dira zuhaitz ondoan.

- Begiratu, neska, ondo pasatzeko "Kronen" moduko bizitza eraman behar da.

Beherago, beste talde batek litronak edateari ekiten dio mahai baten inguruan. Gitarra ere badute hauek.

- Lehen Lamiakora joaten ginen kinitoan jolasteko "katxiak" oso merke zeudelako. Orain, berriz, edaria erostea eta gure katxarroak prestatzea merkeago ateratzen zaigu; 220 pezetengatik mozkorra ziurtatuta dugu!

Hauen ondoan "sorgin" ikasle batzuek euren akelarrea antolatzen dute "pitilingorri" edanez (ardoa eta kas limoia).

- Hemen ez dugu inor molestatzen eta nahi dugun guztia egiten dugu. Gainera, egun batean suarekin pasatzen bagara horko suhiltzaileak deitzen ditugu eta kito -esaten dute sute txiki bat egiten duten bitartean.

Zazpi t´erdiak dira. Lamiakon, mutiko talde bat biltzen da orma baten ondoan eta motxiletatik ur botilak ateratzen dituzte. Horra hor gaztedi osasuntsua, baina ez, egiten duten lehenengo gauza botilak lurrean hustea da.

- "Orgasmoa" lortu nahi badugu hementxe bertan nahastu behar ditugu ardoa eta melokotoi likorea.

Haien gogoko edaria da. "Orgasmorik" ez badago "Kalimotxo" edaten dute merkeagoa delako. Gaur zortzi etorri dira, beraz bakoitzak bi litro edango du.

- Zu atera zaitezke 500 pezetarekin poltsikoan eta kriston mozkorra harrapa dezakezu. Gakoa ondo egitean dago. Gu profesionalak gara. "Puntilloa" harrapatzen dugu. Gero Portugaletera goaz ligatzera.

- Etxean ez dakite zer edaten dudan, hala ere moskeatuta daude etxera heltzen naizenean ordu erdi bat giltza zarrailuan sartzen ematen dudalako.

Gaueko bederatziak dira. Handik hamar metrora, "mobida" diferentea da. Talde bat taberna batean dibertitzen da. Ez dago litronarik, ez garrafarik.

-Nik ez dut edaten, erretzen ere ez. 14 urte daukat eta oso gaztea naiz horretarako -esaten du neska batek. Berak eta beraren lagunek istiluetan ez sartu nahiago dute.

Beste talde motorradun bat elkarrizketan sartzen da.

- Guk ere ez dugu edaten. Gazte guztiok ez gara mozkortiak! Hona lagunekin egotera gatoz eta gero Portugaletera goaz dantzatzera.

Gaueko hamarrak dira. Gazteenak etxera doaz sorginen auzo honetan arratsaldea pasatu ondoren.

- Legendak dioenez, hemen lamia asko zeuden, horregatik Lamiako izena.

Dena den, guztiak ez dira alkoholaren eskuetan erortzen, baten batek tila bat hartu nahiago du aurrean daukan etorkizun beltza ikusita.

El Correo Espaņol-etik hartua, itzulia eta moldatua