www.santurtzieus.com

311. GELA

Misteriozko ipuin hau Afrikan kokatzen da. Afrika beltzeko eritetxe batean. Eritetxea gaixoz gainezka dago, goseak jotako herri batean normala denez, eta esateko gordina bada ere, eguneroko hildakoen zenbaketa beste askoren arteko administrakuntza lan bat baino ez izatera igaro da aspaldidanik.

Ordea, goiz batez, norbait ohartzen da heriotz gehien jasaten dituen gela 311.a dela, eta alde nabarmenaz, gainera. Superstizioaz ez da fido gure gizona (zoritxarra dakarkeela aditu du eta...), baina hala eta guztiz ere, erabakitzen du zaintza berezia eskaintzea delako gela horri ondoko asteetan.

Hortik hilabetera zalantza guztiak uxatuak ditu (egunero-egunero hiltzen du gaixoren bat begizko baten pean egon behar duen gelak) eta lehenengo aldiz lankideei kasua azaltzen die. Erizain eta medikuen ekipo osoa jakinaren gainean jarri du eta ekintza konkretuak erabaki aurretiko epe bat adosten dute. Bestalde, bertan (oraindik!) bizi diren gaixoak zein inguruetako biztanleria ez izutzeko gelarena sekretupean mantentzea deliberatzen dute.

Alferrik. Gelak berarekin darrai: egunean hildako bat. Sinesgogor, baina herriko sorgina deitzeko tentazio itzelari nola edo hala eutsiz, azken neurri bat hartzen dute. Ekipoko norbait 311.gelako altzari baten barnean kukutzen da, hogeita lau orduz jarraian handik irten gabe zelatan jarduteko asmoz.

Biharamunerako hiltzailea giltzaperatu dute. Garbiketa zerbitzuko emakume bat da, 311.gelan aspiragailua pasatu ahal izateko egunero-egunero bertan aurkitzen den arnasketa artifizialaren makina ordu laurdentxo batez desentxufatzeko ohitura hartua zuena.

Xehetasun bat. Hau ez da ipuin bat. Berrikitan gertatua da.

 

Ur Apalategi Euskaldunon Egunkaria 2000/III/2