Egokitasuna

Egokitasuna esaten dugunean, era guztietako egokitasunaz ari gara. Gramatikala ez ezik, beste era askotakoa ere bai. Argi dago gramatika-akatsak egitea ez dela egokia, ezta idazlanaren egitura ez errespetatzea ere. Baina badaude beste hainbat puntu errespetatu behar direnak:

Tonoa: neutroa, ironikoa, barregarria, kezkagarria... Era askotakoa izan badaiteke ere, lortu nahi den emaitzarekin bat etorri behar du.

 

Informazioa: kantitateari eta kalitateari erreparatu beharko zaio. Gorago esan dugun bezala, kontua ez da ideia erabat berriak ematea; baina, bai gaiarekin zuzenean erlazionatuta daudenak eta zeresana dutenak. Bestetik, ezin dugu "dena" esan. Aukeratu egin behar da zenbat informazio emango dugun eta zein dositan. Gogoan izan behar dugu beti irakurlearentzat idazten ari garela eta ezin dugula "ito".

 

Egoera: ez da gauza bera lagunen arteko gutun bat idaztea eta egunkari batean argitaratzeko gutuna idaztea. Komunikazio-egoerak, partaideek, idazteko asmoek eragin zuzena izango dute idazteko moduan.

 

Hitzak eta esamoldeak: aurreko puntuaren ondorio bat bada ere, uste dugu merezi duela aparteko zerbait esatea. Ahozko hizkuntzan hainbat gauza esatea oso ohikoa bada ere, ez dira idatziz erabiltzen. "Gerra guztiak diruak sortu ditu. Bueno, uste dut." esaldia adibidez, ahozko erregistroari dagokio eta ez litzakete egokia idatziz agertzeko. Horren ordez, "Gerra guztiak diruak sortuak direlakoan nago" erabiliko bagenu, egokiago arituko ginateke.