Idazlanaren egitura eta testu-motak

Testu-motak asko dira eta bakoitzak berezko ezaugarri linguistiko eta komunikatiboak ditu. EGAn egin ohi diren idazlanak 2 tipotakoak izan dira nagusiki:

1. Azalpena

2. Argudioa

Azalpenean bi aukera nagusi ditugu:

1.1. Arazo/egoera baten deskribapena egin; zer, nola, noiz eta zergatik gertatzen den azalduz.

1.2. Arazo/egoera baten kontaketa egin, nolako garapena izan duen azalduz.

Azalpena egiteko bi modu hauek nahiko objektiboak dira eta idazlearen uste eta iritziek ez dute leku handiegirik hartzen (esplizituki behintzat).

Deskribapenaren kasuan (1.1.) oso kontuan izan beharko dugu edozer deskribatzeko hizkuntzak dituen bitartekoak eta testu mota honek dituen berezitasunak. Besteak beste hauek aipa daitezke:

adjektibo kalifikatzaileak
izan, egon,... aditzak
konparatiboak
deskribapen ordenatua: denboran edota espazioan
...

Narrazioaren kasuan (1.2.) beste hainbeste gertatzen da. Hemen ere testu-mota honen berezitasunak errespetatu egin beharko dira:

orain aldi burutua eta lehen aldia
denbora adberbioak
denbora lokailuak
denboraren araberako ordena
narrazioaren zatiak: hasiera, arazoa, konponbidea
narratzailearen ikuspuntua
...

 

Argudiozko testua sortzeko ere bi aukera nagusi ditugu:

2.1. Zuzena: honetan zuzen eta esplizituki azaltzen dugu gure ustea eta iritzia zein den egoera/arazo baten inguruan.

2.2. Zeharkakoa: gure ustea eta iritzia azaltzen badugu ere, ez dugu modu esplizituan egiten. Zeharkako bideak erabiltzen ditugu esan nahi duguna beste modu batean esateko.

Gure idazlana edozein tipotakoa izanda ere, ez dugu ahaztu behar irakurleak gure intentzioaz jabetu behar duela eta horretarako bitartekoak eskaini beharko dizkiogula. Beste modu batera esanda, ez dugu guretzat idazten, irakurleentzat baizik.

Hori lortzeko bitarteko dira idazlanaren sarrera eta bukaera. Sarrera irakurlea gaian kokatzeko erabili beharko dugu. Astia eman behar diogu zeri buruz eta nola idazten ari garen jakin dezan. Modu askotakoa izan daiteke, baina badira askotan erabili diren batzuk:

bizitzako pasadizo batekin hasi, garatu nahi den gaiaren adierazle dena.
garatu nahi den gaia barne duen gai zabalago batekin hasi.
garatu nahi den gaia ondorio logikotzat duen beste gai batekin hasi.
guztiok ezagutzen dugun gertakari bat erabili garatu nahi den gaia errepresentatzeko.
...

Kontuan izan sarrerak sarrera behar duela izan eta idazlanaren hasiera baino ez dela. Honekin zera esan nahi dugu: ez diogu behar duen baino luzera handiagoa eskaini behar. Askotan gertatzen da sarrera luzeegi izatea eta gaian sartu ez garelako inpresioa izatea. Kontrakoa ere gerta daiteke, sarrera laburregia izanik sarrera izatera ez iristea eta irakurleak zertaz ari garen ez jakite. Hirugarren arazoa bat ere aipatu behar da: sarrera eta garatu beharreko gaiaren arteko lotura argi ez geratzea. Berriz esango dugu irakurlearentzat ari garela idazten eta lotura hori ikustarazi behar zaiola.

Beste hainbeste gertatzen da bukaerarekin. Bukaera esandako guztiari amaiera egokia emateko erabiltzen da eta irakurleak nabaritu egin behar du idazleak borobildu duela esan beharrekoa eta "agur" esaten ari dela. Hori egiteko ere modu asko daude:

esandakoa laburtzea
esandakotik hainbat ondorio ateratzea
garatutako gaitik abiatuta hainbat generalizazio egitea
garatutako gaia egoera jakinetara ekartzea
beste hainbat gairekin izan dezakeen lotura erakustea.
...