|
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari esker jakin dugu HABEk BOGA 4 onetsi egin duela. Iritsi berri da euskaltegietara Hizkuntza politika aurrera begira, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2007ko jarduera-txostena. Bertan jasotzen dira euskararen normalizazioa eta sustapena lortzeko 2007an egindako hainbat eta hainbat jarduera. Txostena Sailburuordetzak egindako lanaren memoria gisa har daiteke eta, beraz, egindakoa ebaluatu eta aurrera begirako lanen nondik-norakoak zehazteko erabil daiteke. Era askotako jarduerak aipatzen dira baina bada Helduen Euskalduntzarekin lotutako bat, neurri batean, harrigarri iruditu zaiguna. Autoikaskuntzari eskainitako atalean (57 or.) honako hau irakur dezakegu: BOGA 4 zikloa garatu du HABEk Aurten Bai fundazioarekin lankidetzan. BOGA euskara ikasteko autoikaskuntza sistema da, eta orain arte Kurrikuluaren lehehengo bi mailak bakarrik ikas zitezkeen BOGAren bitartez. Orain garatu den 4. moduluari esker, berriz, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren 3. mailaraino ikasi ahal izango da BOGArekin Atal berean agertzen da euskara ikasteko autoikaskuntza sistemak eta sistema mistoak aztertzen ari diren lan-talde bereziaren erreferentzia. Talde horren lanaren behin behineko emaitzetako bat BOGAk euskara ikasteko duen balioaren ebaluazioa da eta euskaltegi eta autoikaskuntza zentro askotan erabili denez, adostasun handia dago asko hobetu eta osatu behar dela. Harrigarria da, beraz, HABEk BOGAren proiektuan orain arte bezala aurrera egitea. Ez da ulergarria aurreko moduluek zituzten gabeziak ikusita molde bereko beste bat gaineratzea. Agian, ezarri dizkiote 4. modulu horri orain artekoek behar zituzten aldaketa eta osagarriak. Bestela behintzat, garatu den sistemak gabezia asko izaten segituko du. |